Abenduaren 3a da gaur –Euskararen Nazioarteko Eguna, alegia– eta sofan nago, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa ikusten. Ez zait bururatzen ospatzeko modu hoberik. Izan ere, Jon Maiari irakurri diot "txapelketa Euskal Herriaren lurraldetasunaren ikusarazle eta kohesionatzaile dela, egungo jendarteaz, identitateez eta mundualdiaz publikoki hausnartzeko bide, desberdinen arteko bilgune, emozio sorrarazle, plaza kritikoa. Dena artearen bidetik. Eta euskara hutsez". Euskara hutsez, bai. Gure herriko jende askori, tamalez, bost axola zaio aurtengo udazkena hitzez eta doinuz betetzen ari den ikuskizun zoragarri hau, baina badakit beste zenbaiti amorru handia ematen diela zerbait handia galtzen ari direlako sentsazioa edukitzeak. Sentitzen dut, aizue, baina behingoagatik pribilegiodun gara euskaldunok.
San Frantzisko Xabierkoa abenduaren 3 batean hil zen, 1552. urtean, Txinan, eta hilzorian zegoela haren azken hitzak ama hizkuntzan esan omen zituen; hots, euskaraz. Hori izan da, antza, abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatzeko arrazoia. Gisa horretako kondairek, akaso, herri baten nortasuna eraikitzeko balio dezakete. Zalantza dut, dena den, gaur egun inori axola ote zaizkion santu baten pasadizoak edo zer neurritan izan daitekeen euskalduntasunaren ikono horrelako figura bat. Sentsazioa dut gure nortasuna, herri gisa, gero eta ahulagoa dela, gero eta diluituagoa dagoela, eta, agian, badela garaia erreferenteak aldatzen hasteko. Orain arte sakratutzat izan ditugun totem batzuk kolokan jartzeak, akaso, iparra eta hegoa edo mendebaldea eta ekialdea are gehiago aldentzea ekarriko luke, baina sinistu nahi dut badirela aglutinanteak izan daitezkeen beste figura batzuk, eta ez dutela zertan izan naftalina kiratsa. Deitu iezadazue utopiko, baina gustura abiatuko nuke eztabaida nazional bat gai honi buruz. Bitartean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaz gozatuko dut.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.