Azaroaren amaiera izango zen, edo abendua, akaso, jakin genuenean aurtengo Korrika gure herritik abiatuko zela. Eta une hartantxe bi sentimendu piztu zitzaizkidan.
Lehenik eta behin, poza; poza eta harrotasuna, gutxi baitira Korrikak bezainbesteko bizipoza eragiten duten ekimenak Euskal Herrian, eta Amurrio izango zelako horren guztiaren abiapuntu. Baina aldi berean kezka ere piztu zitzaidan.
Izan ere, aurreko edizioa Garestik abiatu zen, Erdi Aroko zubi ezin ederrago batetik, eta nola eutsiko zion, bada, gure herriak maila horri? Ba al du Amurriok toki hain enblematikorik? Nik badut bat buruan: Zaraobeko gaina. Logistika aldetik ziurrenik konplikatua izango litzateke Korrika handik abiatzea, baina aldapan behera hasiko litzateke, eta uste dut hori ez dela inoiz gertatu (Arantzazutik abiatu zen 1997ko edizio hartan agian?).
Aldapan behera hasteak gainera izango luke zerbait sinbolikotik. Euskalduntzearen bide malkartsua bazter geratzen da bi astez, Korrika ospakizunerako eta baikortasunerako abagunea da eta; hori bai, ez dezagun ahantz aldarrikapenerako sortua dela, horixe dela haren jatorrizko funtsa. Etorriko dira gero kezkak eta etsipena, baina martxoaren 31 egun ederra izango da gurean, ziur naiz.
Bestalde, turismoa egiteko aitzakia ezin hobea izan daiteke Korrika, eta horregatik animatu nahi zaituztet ibilbidearen mapa begiratzera eta ezagutzen ez duzuen Euskal Herriko txokoren batera joatera euskararen alde korrika egitera. Zabala da euskararen herria, bai horixe, eta bizipen zirraragarria da, esaterako, Ibañetan behera korrika egitea, edo Baionako karriketan edo are Corella eta Cintruenigo artean.
Korrika on opa dizuet denei eta eskerrik asko, bihotzez, hau guztia antolatzen dutenei.