Iritzia

Kontzientziaz...

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2026ko uztailaren 20a

"Komunitatean egiten badugu, nekeak arinagoak izango dira, ezta?

Azkenaldian askotan jaso dut kontziente izan behar garela, jabe egin, konturatu, arreta jarri... mezua, eskaera edo aldarria. Askotan urgentziatik bideratuta gainera eta ez bakarrik euskararen aferan, daitort.

Lokartuta bizi al gara? Pilotu automatikoarekin bizi al gara? Presak, errutinak, etengabeko estimuluek eraginda... gure kontzientzia lokartuta al daukagu? Eta, aldi berean, pentsatzen dugun hori eta egiten dugunaren arteko disoziazioan bizi al gara?

Halaber, aipatutako mezu horietan aipatzen zen jabetze edo kontzientzia hartu behar hori ez dela errutinaren ondorioz "behe-laino mentalean" galtzen diren eguneroko ekintzei buruzkoa (etxeko atea itxi ote duzun ala ez, buelta eman behar hori, adibidez). Bestelakoa baizik, gizaki eta gizarte moduan akziora deitzen diguten deiak dira.

Kontziente izan behar hori, errealitatea hauteman behar hori, eta ondorioz, aldatu nahi dugun errealitate hori aldatzeko bideratutako ekintza horretarako deia, deialdia, aldarria (garraxia ere) izan da jaso dudana. Zeren, badago errealitate honetan konforme egoten, bertan goxo egoten, uzten ez gaituen zera hori, ezta?

Kontzientziaz jardun behar horrek koherentzia dakar ezinbestean, ez bagara psikosian eroriko, superbibentzia emozionala medio. Eta bai, ez naiz hain zinikoa, argi daukat koherentzia absolutua ezinezkoa dela (gizaki eta gizarte eta mundu inperfektu batean bizi garelako, bizi nahi dugulako). Zer zaila den pentsatu, sentitu eta nahi dugun horrekin koherentzian jardutea, alajaina! Zeinen erraz erortzen garen, lasaikerian, delegazioan, algoritmoaren eskutan gure erabakien jabe izateari utziz...

Kontzientzia eta koherentzia jarraibide horiekin bizitzeak adorea eskatzen du, duda barik, baita energia eta indar handia ere. Baina, taldean, komunitatean egiten badugu, nekeak arinagoak izango dira, ezta?

Hartu dezagun udako "desazelerazio" tarte hau hausnarrerako, begiratu diezaiogun geure buruari, geure jardunari eta ekin dezagun taldean. Feminismoak aspaldi lantzen dituen maila pertsonala, kolektiboa eta politikoari erreparatuta. Edota, sintetikoago baina ezin argiago umeei esaten diegun bezala: "Sentitu, pentsatu, ekin!".

Uda kontziente on, lagunok!

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago