Iritzia

Hamaika egun esnatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2026ko apirilaren 10a

Irudia: 'ANAITASUNA'

"Euskaldunok dagoeneko pasatu gara hemendik eta antzerako mezuak jaso izan ditugu"

Badaukagu euskaldunok tarteka jardueraren baten bueltan elkartu eta elkarrekin egoteko –lagun batek esaten duen bezala, "igurzteko"– beharra edo tendentzia. Orokorrean, gizarte soziala gara, eta gozatzen ditugu sozializazio momentu horiek. Halaber, batzuetan muturrera eramateko tendentzia ere izan dezakegu, eta dena festa bihurtu, zertarako bildu garen ahaztuta.

Azkenaldian, euskararen aldeko ekimen handiei halako zeozer gertatzen ari zaielakoan nago, izan Euskaraldia, Korrika, Bertso Txapelketa edo Araba Euskaraz. Euskararen aldeko ekimenak izanik batzuentzat lasterketa bihurtuta, edota, euskalduna izanda, gaztelania hutsean lotsarik gabe jardunez. Nolabaiteko zentzu hustuketa bat bizi duten mordoxka adibide bururatuko zaizkizu zuri ere, irakurle.

Euskarak jauzi bat behar duela nazkatu arte errepikatu ahalko dugu, aitzitik, ez badugu benetan kontzientzia hartzen eta gure esku dagoen hori egiten. Ehunka pizkunde jarriko ditugu martxan, baina emaitza ez da izango guk espero duguna.

Zeren, hemen egonak gara. Euskaldunok dagoeneko pasatu gara hemendik, eta antzerako mezuak eta aktibaziorako deiak egin eta jaso izan ditugu. Anaitasuna aldizkariko zutabetxo hau horretxen adibide: "Baina axola handikoa dena, hau da: kontzientziatze baten barnean urrats zuzenak eta jatorrak ematen ari direla. Oraindik ere erdi lo dagoen jende asko esnatzen ez bada, gure errua izango da, ez beste inorena. Gazte askok eta askok oso bultzada ttipia behar dute, lotatik esnatzeko. Gaurko egoera eta giroa ez dira, orain urtebetekoak. Gaur, posibilitateak asko ugaritu eta handitu dira. Gasteizko euskaldunok, saia zaitezte, lo dagoena iratzartzen eta goserik dagoenari jaten ematen. Eta goserik ez duenari gosea sor erazten. Eta ez esan, ezer ez dezakezuela". Eusebio Osa da gasteiztarrei zuzentzen zaiena, 1971n!

Zeinen modernoa den testua, zeinen ezaguna mezua, zeinen argia eta zuzena. Gaur egun euskararen biziberritzean gabiltzanok darabilzkigun hitz klabe asko daude bertan: kontzientzia, esnatzea, bultzada, gazteak... Azken esaldia borobila iruditzen zait: "Eta ez esan, ezer ez dezakezuela".

Euskarak dena eta denok behar gaitu, makroa eta mikroa, jaia eta mugimendua, kontzientzia eta pizkundea, baita hamabigarren eguna ere... "hamaika" kontzeptuari euskarak ematen dion hedadura amaigabea aprobetxatuta, esango nizueke, hamaika egun ditugula esnatzeko.

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago