Iritzia

Torpensen

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2026ko urtarrilaren 17a

Argazkia: FREEPIK

"Onartu dezagun gure inperfekzioa, #marabilli garela aitortu gure buruari..."

Amama Maria, gure amaren ama zena, "korala baino finagoa" zela esaten zuten, beti garbi, beti orraztuta, beti txukun, ordenatua eta edukazio oneko, batez ere, kalera irteterakoan, beti bere ezpain margotuak eta kolonia laino batez lagunduta. Umetan berak zaintzen gintuen eta, umeak ume, amamaren alboan gu beti eskoil, zaratatsu, desordenatu... Hori bai, ez irten kalera ondo jantzi gabe! Arropa konbinatuta, adabakirik gabe, orraztuta eta kolonia usainaz, ezinbestean. Gero, nola bueltatzen ginen etxera, ba umeak ume, amamaren lotsarako.

Nahi ala nahi ez, gure amama eta amaren erreplikak garenez, ba zer edo zer gelditu zaigu, eta txukun ibiltzea gustuko dut. Baina, azkenaldian trauskilduta nabilela aitortu behar dizut, irakurle. Mahai ertzekin txoke egiten dut (nola da posible, nire gorputzaren hedadura ahaztu zait?); berriketan nagoela, eskuekin ere hitz egiten dudanez, behin baino gehiagotan bultza egin diot beste eskuan daukadan kopari; kalean milimetro bat gorago dagoen baldosa horrekin tupust egingo dut; pentsamenduak eta hitzak ahora bidean nahastu egingo zaizkit eta momentu ezegokian botako ditut... Nire adinean, "dena normala" den fase horretan gaudenez, antza dorpetasuna bada sintometako bat.

Orain gutxi kaskailuari gorazarre egiten dion artikulutxo bat irakurri dut eta oso identifikatuta sentitu naiz. A ze kariñoarekin idatzita dagoen. Idazlearen arabera, bizitza da malestrukaren irakasle. Une txarrak ere pasatzen dira, ezin uka. Gure bizi esperientzia modu humanoenean bizi garenaren seinale omen da kakola izatea eta, artikulugilearen arabera umoreak salbatuko gaitu, geure buruaz barre egiteko gaitasunak, alegia.

Torpensen ezizena eman zion irakasleak lagun bati, baldarkeria bere eguneroko argia zelako. Onartu dezagun gure inperfekzioa, #marabilli garela aitortu geure buruari, eta hurrengoan ere estropezu egiterakoan, barretxo batekin ospatu dezagun gu ere, apur bat, Torpensen bagarela.

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago