Iritzia

Chindogu

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2025eko urriaren 21a

Irudia: Chindogu.

"Bada mugimendu bat erabilgarriak ez diren objektuak egitea sustatzen eta ospatzen duena"

Armairu txikia izatearen ajeak dira, besteak beste, urtaro aldaketa bakoitzean, arropa trasbasea egin behar izaten dugula, kutxetatik armairura eta alderantziz. Aldi berean, garbiketa egiteko ere aprobetxatzen dugu, erabiltzen ez duzun (edo sartzen ez garen) jantzi hori armairu-kutxa transakziotik kentzeko. Marie Kondok hartuta izango bagina bezala, bestelako trasteen errepasoa egiteko aprobetxatzen dugu. Guk erabiliko ez dugun hori oraindik erabilgarri badago, eta agian beste norbaitek erabili dezakeela pentsatuta, Garbigunera edo edukiontzira eramaten dugu, bigarren bizitza (hobe?) baten esperantzan.

Eta hara, gaur ikasi dut badela mugimendu bat erabilgarriak ez diren objektuak egitea sustatzen eta ospatzen duena, nonbait filosofia gisa ere izendatuta ikusi dudana. Objektu horiek chindoguak dira.

"Tresna arraro edo deformatua" esan nahi du chindogu hitzak. Asmakariak edo beren beregi sortutako objektuak dira, ez dira erabilgarriak, baina ez omen dira guztiz alferrikakoak ere.

Chindoguak iraultza txikiak dira, ez dute ezer konpondu nahi, eta asmatzearen absurdoa ospatzen dute

Gauzak ondo eta gogotsu egiten hasita, eta agian erabilgarritasun ezaren ideia jarraituta, 1995ean Chindogu nazioarteko elkartea sortu zuten. Besteak beste, sortutako asmakizun hori benetan chindogu bezala izendatzeko bete behar dituen hamar mandamentuak ezarri zituzten: chindoguak ia erabat alferrikakoa izan behar du; fisikoki existitu behar da, ez da proiektu bat; denek ulertu behar dute alferrikakoa dela; ez daude salgai... eta, nire faboritoa, chindoguak pentsamendu eta ekintza askatasuna adierazi behar du.

Liluratuta utzi nau chindoguen mugimendu honek. Eraginkortasuna, produktibitatea, optimizazioa (lagun batek esaten duen bezala, dena excel orri batean kabitu beharra) obsesio izateraino gurtzen dituen gure gizarte honetan, chindoguak iraultza txikiak dira, ez dute ezer konpondu nahi, eta asmatzearen eta sormenaren absurdoa ospatzen dute.

Ba hori, nik jarraituko dut nire urtaroko arropa transhumantziarekin, edukiontzian utziko ditut norbaitek bigarren aukera eman diezaien... eta, amestuko dut nik utzitako zer edo zer horrekin chindogu bat sortuko duela, ekintza askatasunaren mesede. 

Irati Iciar

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago