Iritzia

Ez-berdina

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2025eko uztailaren 28a

Argazkia: FREEPIK.

"Ez dira nahastuta ikusten. Non dago desberdina dena? Non aniztasuna, disidentzia?"

Desberdin, Harluxet hiztegiaren arabera: 1. izond. Bestelako ezaugarri edo nolakotasunak dituena (Batzuk besteengandik desberdinak dirudite). 2. izond. Itxuran, nolakotasunean aldaketak dituena. (Arnoldoren oinkada desberdinak). 3. adb. Berdintasunik gabe; era desberdinez. (Oraingo honetan desberdin jokatu duzu.)

Gaur zuekin konpartituko dudan gogoeta aurreko batean gertatu zitzaidan pasadizo batetik dator. Kaletik nindoala, mutil kuadrilla bat pasatu zen nire albotik, eta, nire sorpresarako, beraietako batek irribarre handi batekin agurtu egin ninduen. Birritan begiratu eta nire gruyere memorian arakatu ostean, segundo amaigabeak tarteko, gure lagun batzuen semea zela konturatu nintzen. Hau lotsa, ez nuen ezagutu! Eta ez da presbizia edo miopia edo nire abstrakzio momentuaren ondorioa (bakarrik), baizik eta ezin izan nuela lagunengandik ez-berdindu, ezin identifikatu, hain zegoen uniformetuta (kamuflatuta?) lagunekin. Janzkera, orrazkera, baita ibilera eta jarrera bera ere, homologatua zeukaten, nola ezberdindu pertsona?

Arduratuta jarraitu nuen nire bidea, ustezko eta kanpotik ikusten den uniformetasun, homologazio, koloregabetasun eta desnorbanakotasun horren atzean zer mekanismo ote dagoen gogoetatzen. Ez dut uste bakarrik globalizazioak dakarren arropa eta janzkera modagatik denik, sakonagoa dela esango nuke, gaur egungo gizartearen sintomaren bat agian? Gaztaroko onartua izateko beharra eta tribuarekiko kidetasuna adieraztea helburu? Zein tribu urbano izango da hori? Soziologoren bat gelan?

Nire gogoetek beste galdera bat piztu zidaten. Non dago desberdina dena? Non dago disidentzia, kolorea, aniztasuna? Kuadrilla horretan ez behintzat, ez dira nahastuta ikusten, baina egon badago, ezta? Non daude uniformetasun horretatik alde egiten dutenak? Non daude gorputz, bizimodu, pentsaera, maitatzeko era, janzkera… disidenteak?

Ufa, a zelako "lorategian" sartu naizen... Ez daukat nahiko karaktererik zutabe honetan, ezta nahikoa ezagutzarik gogoeta horiei erantzuna emateko oinarri sendorik jartzeko. Sentipen baten transmisioa besterik ezin dizuet egin, ni neu disidentzia horretatik abiatutako pertsona naizelako, eta, gero eta argiago daukat, aniztasunean dagoela aberastasuna. Ez daukat dudarik ideia, proiektu eta pertsona interesgarrienak beti aniztasunetik, disidentziatik, ez-uniformetasunetik sortuko direla. Besarkatu dezagun, beraz, gure ez-berdintasuna.  

Irati Iciar. 

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago