Gustura irakurri dut Ibai Iztuetak Paulo Iztuetari egindako elkarrizketa (Jakin 266, urtarrila-otsaila 2025). Semeak aitari egindakoa da, baina pentsalariak pentsalariari, intelektualak intelektualari egindakoa ere badela esan daiteke. Maitasun eta errespetu handiz egindako elkarrizketa ere bada, helburua ez baita aitaren memoriak idaztea, garai eta bizipen batzuen memoria transmisioa baizik. Modu arinean eta pasarte esanguratsuetan amuak jarrita, Ibaik aitaren kontakizuna josten du.
Ze, lagunok, a zelako bizitza Paulorena! Garai interesgarriak bizitzea tokatzeaz gain, parte hartu zuen, garai horietako protagonista izan zen, eragilea. Euskara, euskal pentsamendua, euskalgintza, kultura, unibertsitatea... hamaika ekimenetan parte hartutakoa. Elkarrizketan zehar zenbat izen ezagun, zenbat pentsalari, aktibista, intelektual ezagun eta errekonozitu aipatuak.
Kontakizun guztiak hasten diren bezala, elkarrizketa ere genealogia batekin hasten da, protagonista bera kokatzen laguntzeko. Pauloren familiari buruz hitz egiten zaigu hasieran eta, aitortu behar dizuet, hortxe gelditu zaidala niri gogoa itsatsita. Guraso eta hamabi anai-arreben errepaso txiki bat egiten da, eta, Tolosaldeko baserri giroko familia tradizional bat bazen ere, hara sorpresa, munduan zehar ibili diren arrebak ere aipatzen dira: Rio de Janeiro, Brasil, Londres, Paris, Karibeko Antigua...
Paulo bera nabarmena dela ezin ukatu, elkarrizketan zehar bikain azaltzen den gisan, baina Paulo, Ibai, ez hartu txarrera, niri zuen arreba-izeben geografia da gogoan iltzatuta gelditu zaidana, jakin-minez. Emakumeen historia eta genealogiak berreskuratzen gabiltzan honetan, zeharkako aipamen txiki horiek atentzioa deitzen didate, total kuxkuxero bihurtuta.
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.