Euskararen arloan gabiltzanok azken urteotan sentitu dugun noraezari, bidegurutze edo errotonda batean sartuta egotearen sentsazio horri izena ematea eta ezaugarritzea ez da ariketa erraza. Euskalgintzaren Kontseiluak "Larrialdi linguistikoa" kontzeptua proposatu du, galegoek eta katalanek irekitako bideari jarraituta, azpimarratzeko atzera egiteko arriskuan gaudela, lortutakoa galtzeko alegia, baina, aldi berean, egoera honi buelta emateko garaiz gabiltzala azpimarratuz.
Ez dakit zuri ere gertatzen ari zaizun irakurle, baina hainbeste manifestu, gogoeta, kexa eta adierazpenen ondoren, niri akziora pasatzeko gogoa piztu zait. Egin, ekin, jardun, aritu, ibili, gauzatu, burutu, bete, jokatu, lotu, eragon... Ekintzak behar ditugu. Euskaraz bizitzeko ekintzak, egunerokoan, aisialdian, etxean zein kalean, lanean eta lagunekin... Ekintza asko eta askotarikoak, errazak, gustagarriak, berriak, dibertigarriak, kitzikagarriak... Euskara modu erosoan erabiltzera eramaten duten horiek guztiak.
Gai izango ote gara nekea astindu, etsipena alde batera utzi eta lortu den guztia ospatzeko? Nondik gatozen, nola iritsi garen gaurdaino, baina baita nora iritsi nahi genuen, kontziente ote gara? Larrialdiarekin alarma gorria sakatu dugu, piztuko ote zaigu berriz egoera hau aldatzeko gogoa, indarrak biltzeko asmoak, banatzen gaituztenak alde batera utzi eta batera jarduteko grinak?
Mundua aldatu dela? Bai. Desafekzioa eta jendearen inmobilismoa hor daudela, ere bai. Militantzia eta aktibismo ereduak aldatu direla, baietz ba!
Bide berriak ireki beharko ditugu, orain arteko berdina eginez ez baitugu egoera aldatzea lortuko.
Ospatu dezagun, ospatu dezagun lortutakoa, egoera honi buelta emateko garaiz gabiltzala, nora iritsi nahi dugun badakigula eta egingarria dela, aurretik ere egin izan dugulako. Izan gaitezen ausartak eta anbiziotsuak eta ekin diezaiogun elkarrekin, euskararen mugimendua ekinez erakutsiko baitugu.
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.