Marisa pertsona izena dela esaten badizuet, ez dut ezer berririk esango, ziur baduzuela zuen inguruan Marisa, Maria Isabel, Maribel edo halakoren bat. Baina, Marisa tokia ere bada.
Egunero lanera naraman autobusean sartzeko zain nagoela, alboko autobusaren kartel dinamikoari begiratu diot eta Gasteiztik Eibarrera ibilbidean egiten dituen geldialdien, geltokien, zerrenda erakutsi dit: Vitoria-Gasteiz, Durana, Mendibil, Arroiabe, Ullibarri Gamboa, Landa, Marisa, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate-Mondragon, San Prudentzio, Bergara, Soraluze, Eibar (sic, horrela idatzita erakusten dira).
Hara, Marisa! Toki bat da? Herrien artean agertzen da eta autobusa gelditu egiten da bertan, beraz ez da edozein toki, erreferentziazkoa baizik.
Ibilbidea eman dizuedanez eta Gipuzkoara bidaia Leintz-Gatzaga edo Arlabandik egina izango duzuenez, badakizue zein den, zer den, Marisa. Jatetxe bat da.
Geografian ez ezik, gure genealogia feministan txokoa beharko luke, ezta?
Kanpoan daukan kartelean dantzari bat agertzen da, poxpolinez jantzita. Bera izango ote da Marisa? A, baina hona xelebrekeria, jatetxearen izena Gure Ametsa da!
Sarean begiratu dut eta Googlek ere ezagutzen du jatetxea, "Marisa jatetxea" bilaketa egin eta Gure Ametsaren webgunera eraman bainau. Baina Marisa emakumearen berririk ez. Euskarazko Wikipedian ere begiratu dut eta Marisa emakumezko izen hipokoristikoa dela esan dit, baita Indonesiako distritu bat, antzinateko Israeleko txanpon etxe baten izena, barraskilo bat, larrosa bat... hainbat aktoreren izena ere bada eta, besteak beste, nola ez, euskal Wikipedian emakumeen presentzia ikusgarriagoa izan dadin alimaleko lana egiten duen gure Marisa Barrena ere agertu zait.
Aitzitik, jatetxeari loturako Marisarik ez. Herritarron imaginarioan jatetxeari izena aldatu eta autobus geltokiari izena eman dion Marisa hori benetan emakume gogoangarria behar du. Geografian ez ezik, gure genealogia feministan txokoa beharko luke, ezta?
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.