Iritzia

Bakarrik munduan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2024ko eka. 7a, 10:00

"Ez dut nahi. Ez dut bakarrik egon nahi, ez dut bakarrik nagoela sentitu nahi"

Gutxitan erreparatzen diet telebistako iragarkiei. Ikusten nabilen programa eten egiten dute, oso astunak dira, ez dira batere erakargarriak, beraz, automatikoki, mugikorra hartzen dut, sarean kuxkuxeatzeko, ikusten nenbilen programa berriz hasi arte.

Baina, badago bat, kriston grazia egiten didana eta, gainera, egunerokorako erabilgarri zaidana. Beno, egia esateko, ez nuen gogoan norena zen iragarkia, zutabe hau idazteko begiratu behar izan dut, baina mezua (eta abestia) gogoratzen ditut, ez da gutxi, ezta?

Kotxea hartu eta munduan bakarrik daudela uste/sentitu/bizi duten pertsonak dira iragarkiko protagonistak. Celine Dion-en All by myself abestiaren erdarazko Solo/a otra vez abesten ikusten ditugu gidariak, esketx laburretan, maniobrak egiten dituzte, errotondak hartu, aurreratu, erreiak aldatu... baina ingurura begiratu gabe, inguruan zer edo nor dagoen erreparatu gabe, munduan bakarrik baleude bezala.

Azkenaldian hainbat kilometro egin ditut Euskal Herriko errepideetan zehar, errepide handiak, errei askotakoak, abiadura apur bat hartzen duzun horietakoak... eta, zenbat aldiz abestu ote diodan aurrean neukan horri, soloootraveeeezzzz: hiru erreietako errepidean erditik doan horri, bi kilometro lehenago aurreratzen hasten den horri, intermitenteak jartzen ez dituen horri...

Eta, ez naiz ni errepideko gidaririk onena, ez pentsa (azkarregi gidatzen dut), baina txika, ez zaudela bakarrik! Ez errepidean ezta munduan ere! Metal eta kristalezko kutxan sartu, musika tope jarri eta ala, horkonpon marianton?

Oraingoan kotxeko adibidea jarri dizuet, baina egunerokoan, elkarbizitzan, zibilizazioan... zenbat halako adibide, ezta? Portalean, kalean, tranbian, watsap taldean, sare sozialetan... Gero eta indibidualistagoak garela esaten digute, eta balirudike, hainbestetan esan, azkenean sinistu egin dugula eta geuk ere hala jarduten dugula.

Eta ez dut nahi halako mundurik, ez dut nahi... ez dut bakarrik egon nahi, ez dut bakarrik nagoela sentitu nahi, ez dut solaaaaotraveeeezzz abestu nahi.

Izan bedi zutabetxo hau (eta abestiaren estribilloa, ezin burutik kendu, ezta?), errepidean zoazela, portaleko bilera daukazula, sarean hatter bat agertzen zaizula... irribar egin, abestu eta inguruan badagoela zer edo norbait gogorarazteko erreminta.

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago