Helburu komun bat garatzeko elkartzea oso ohikoa da gurean, izan erakunde, enpresa edota pertsonen artean lanerako bilduko gara. Epeak, bitartekoak, lanen eta arduren banaketa eta bestelako elementu teknikoekin, proiektua zehaztu eta lanean hasiko gara. Oso ohikoa dugu lan egiteko modu hau euskalgintzan, halabeharrez, txikien arteko batuketari esker gauza handiak lortzen baititugu.
Elkartze horrek arau eta bide-orri batzuk izango ditu, idatzizkoak edo inplizituak, kulturalak zein ohiturazkoak. Praktikotasuna xede, gure proiektua ahalik modu eraginkorrenean bideratuko dugu eta bidea elkarrekin egiteko borondate konpartitua biziko dugu.
Halabeharrez, lanean dihardugula, pixkanaka proiektua egokitzen joango gara, egunez egun, disfuntzio eta desorekei aurre egingo diegu eta, konturatu orduko, proiektuaren bideragarritasuna bera ere helburu bihurtuko zaigu. Bidean, adi ibili beharko gara, proiektua bera bortxatu eta elkarlana kutsatzen badugu, xedea proiektua bera izango delako eta ez elkarrekin egindako bidea ezta hasieran markatutako helburua.
Gasteizko Antzokia eta Euskararen Etxearen proiektuek aurrera egiteko behar dituzten akordioak lortzeko kapazak izango ote gara?
Halako batean, lankidetzako kideetako batek, alarma-botoia sakatu dezake: "Hau ez da modua, ez gara adostutakoa betetzen ari, disfuntzioek bizi gaituzte, desbideraketa handiegia dago, denbora gehiegi goaz honetan...". Eta orduan inplikatutako guztiak hasiko dira kaltetu sentitzen, defraudatuak, engainatuak... eta errudunen ehiza hasiko da. Bidean helburua ahaztu dugu.
Baina, gertuegi daukagu kaltea eta horrek sortzen duen mina. Ez dugu indarrik gertatutakoa aztertu edo ulertzeko. Eta banaketa gertatzen da, proiektua albo batera gelditzen da, elkarlana hautsita, ez da irtenbiderik ikusten. Minduta gaude, alde eta parte guztiak. Helburua ahaztuta.
Euskarak akordio soziopolitiko berriak behar dituen garaia dela esaten dugun honetan, Gasteizko Antzokia eta Euskararen Etxearen proiektuek aurrera egiteko behar dituzten akordioak lortzeko kapazak izango ote gara? Ni neu, baiezkotan nago...
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.