Durangoko azoka happening bat dela ezin da ukatu, ebento bat, gertakari bat, modernoek esango luketen moduan, must bat. Bertan egun bat, bi edo hiru eman dituzulako eta, batez ere, egon zarela kontatuko duzulako, joan aurretik noiz egongo zaren esango duzulako, norekin topo egin duzun eta zer erosi duzun ere kontatuko duzulako. Egon eta esan, egin eta kontatu, hori ere bada Durangoko Azoka.
Era berean, ezinezko zera bat ere bada Azoka, ezinezkoa baita stand guztiak ikustea, ezinezkoa aurkezpen eta ekitaldi guztietara joatea, ezinezkoa ezagunen batekin topo ez egitea, ezinezkoa pintxo bat trankil jatea….
Egon eta esan, egin eta kontatu, hori ere bada Durangoko Azoka
Antolatzaileek, komunitatea biltzeko tokia bezala irudikatu dute Azoka, ''bestelako esperientzia handiago bat'' (Beñat Gaztelurrutiaren hitzetan) eta guztizki ados nago ideia horiekin. Komunitatea ikusi eta sentitu, bizirik eta haragi-hezur ikusi. Eta hori behar ez duenetakoa bazara, bejondeizula... nik neuk, tarteka behar dut halako igurtzi sesio bat, ez naizela entelekia batean bizi sentitzeko.
Eta bai, Azoka zalea banaiz ere, beteta, asetuta, oka eginda bueltatzen naizela aitortu behar dizuet. Irakurtzea gustuko dugunontzat, aldi berean paradisua eta infernua baita. Zenbat gauza (ustez) interesgarri! zenbat pre-marabilli eta pre-dezepzio... asmatuko ote dut eskuratuko dudan horrekin?
Horregatik, Azokara zerrendarik gabe joaten naiz, egun bakar bat hartu, di-da bueltika bat standetatik, erosketak random eginez. Helburua da nire liburu fetitxismoa frenatzea eta urtean zehar liburu dendez gozatzeko aukera irekita mantentzea. Izan ere, irakurzaleak eta, bereziki, liburuzaleak garenok, urte osoan zehar behar dugu bazka, eta Gasteizen baditugu gure gula asetzeko gune paregabeak. Bide batez, ongi etorri Eva Forest Liburutopia!
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.