Iritzia

Plazerez

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2023ko eka. 17a, 10:00

Argazkia: 'Thelma y Louise'

"Plazera ez omen da helburu bere horretan, besteekin konektatzeko bidea baizik"

Aleako zutaberako gogoeta mamitsu, sakon eta iradokitzailea idatzi nahi nuen eta, beti bezala, azken momentuan eta behin nire derrota onartuta, beste norbaitek idatzi duenera jo dut, inspirazio bila.

Artea, zinea, argazkilaritza, kulturako eduki interesgarriak izaten dituen webgune batera jo dut zuzenean. Eta (algoritmo madarikatua tarteko) ikusi dudan lehen sarrera izan da "Orgasmoa eta beste bederatzi plazer unibertsal, hil aurretik gozatu beharko zenituzkeenak".

Bai, clickbait kutsua hartu diot, baina webgune honetan ezin da halakorik egon pentsatuta klik egin dut.

Artikulua ondo hasten da: Albert Camusen arabera, plazer handiena konpartitzen dena da.

Plazeraren bilaketa konstante bat izan (omen) da gure existentzian. Ez da soilik gure beharrak asetzea, gure arima elikatu eta inguruko munduarekin konexio sakonagoa bilatzen dugu, konexio emozionala. Bizirik gaudela sentiarazten diguten estasi momentuak, alegia.

Plazera ez omen da helburu bere horretan, besteekin konektatzeko bidea baizik. Horregatik artikulugileak dio gurekin konpartitu nahi duela bere azken aurkikuntza: lubrikante marka baten kanpaina, "orgasmo unibertsala" izenekoa.

A! Ba bai, clickbait bat da. Beno, behin klik eginda, jarraituko dut ea ze beste bederatzi plazer proposatzen dituzten (guztietarako lubrikantea beharko ote da?).

Plazera berez esperientzia subjektiboa bada ere, plazer batzuk unibertsalak begitandu daitezke, eta  kanpainak bederatzi proposatzen dizkigu. Ez ditut hemen guztiak zerrendatuko, batzuk dagoeneko aurreratu baititut, baina bat aipatu nahiko nuke guztiz katakroker utzi nauelako: "bueltako billeterik gabe bidaiatzea". Artikulugileak Thelma & Louise pelikulako argazki batekin ilustratu du. Bai, Ford Thunderbird deskapotablean doazen hori. Ez dakit zer pentsatu.

Beno, irakurle orain plazeren inguruko gogoeta sakon batean utziko zaitut eta hasieran aipatutakoarekin amaituko dut: plazer handiena konpartitzen dena bada, hona zuekin gaurkoan konpartitutakoa, plazerez.

Irati Iciar.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago