Iritzia

Betekada

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2023ko mar. 17a, 08:00

Arg: Pixabay

"Ez nahastu ase egotearekin, ez, sentsazio desagradablea da betekada hau"

Aurreko zutabean hutsunea aipatu nuen, zerbaiten falta sumatzen nuela, eta hortik abiatu nuen nire gogoeta. Oraingoan justu kontrako sentsazioa konpartitu nahi dut zurekin, irakurle. Betekada. Ez nahastu ase egotearekin, ez, sentsazio desagradablea da betekada hau.

Betekada sentitzen dut sare sozialetan. Ez sareekin beraiekin, asko gozatu izan dut hauek erabiltzen, eta gauza askotarako bikainak iruditzen zaizkit. Baina aspaldion tonua aldatu dela nabaritu dut, algoritmo famosoa izango da, baina krispazioa bilatzen duela ematen du.

Betekada, komunikabideekin. Etengabekoa, uneorokoa, integrala, globala, ausazkoa, halabeharrezkoa da larrialdia: ez bada ekaitz bat, sutea da, edo delinkuentzia, edo erasoak, edo gerra (singularrean eta absolutuan landuta). Eta goragalea sentitzeraino betekada hainbeste ugaritu diren etxerako alarma zerbitzuen iragarkiekin.

Betekada ere euskararen kontrako epaileen jardunarekin. Beno, hobe esan, orokorrean euskararen kontrako, euskaldunon kontrako, hizkuntza eskubideen kontrako ildo, iritzi, adierazpen, jarrera eta salaketekin (sententzien aurretik salaketa bat egon baita). Betekada pena eta negar eragilea.

Esango duzu irakurle, ezer berririk ez eguzkipean, baina kasu (lagun baten hitzetan) errondatuko dizudana morena. Hauteskundeak datoz.

Betekada elektorala urterokoa, tope hauteskunde kanpainekin: kartel inbasioa, demasa behartutako irudiak, positibotasun artifiziala, mezu edulkoratuak, kosmetika diskurtsiboa, krema anestesiko politikoak… Dena gaizki dago, baina guk (eta guk bakarrik egin dezakegu) konponduko dugu. Hori bai, zu behar zaitugu horretarako, beno, zure botoa.

Betekada pasatzen laguntzeko zer edo zer originala eskatzea asko ote da? Sal de frutas batekin konformatuko nintzateke, momentuko betekada pasatu eta hurrengoa digeritzen laguntzeko.

Irati Iciar.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago