Iritzia

Oin azpiko lur hau

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2026ko uztailaren 5a

Argazkia: 'LURRA IKUTU BARIK' / RUPER ORDORIKA

"Denak omen du bere sasoia eguzkipean, den guztia ei dator bere orduan..."

Banengoen ni egunen batean agur esatea egokituko zitzaidala, eta iritsi da eguna: hemen nire azken zutabea, ALEAko irakurleok. Oin azpiko lur hau...

Hamalau urte pasatxo dira hasi ginela hirinet.net agerkari digitalean idazten eta tontamentian ehun bat iritzi artikulu idatziko nituen honezkero. Garai hartan honakoxea idatzi nion lagun bati bera ere idaztera animatzeko: "Kontua duk Gasteizko burmuin euskaldunak apurtxo bat astintzea, bai gureak bai irakurleenak; beraz, badakik, aingeruen sexutik hasi, eta sexuaren ainguran amaitu...". Sexuaren ainguraz ez naiz inoiz aritu, baina aingeruen sexuaz... Eta burmuinak astindu? Besteenak ez dakit, baina norberarenari dezenteko astindua eman diot zutabea idatzi behar izan dudan bakoitzean. Sarritan, oin azpiko lur hau...

Denak omen du bere sasoia eguzkipean, den guztia ei dator bere orduan, eta nire hitzei ere, orrialde hauetan behinik behin, iritsi zaie agur esateko sasoia, parada eta tenorea. Nahiko nuke originalagoa izan, eta nahi hobeto jantzi izana neure hitzak, baina erdal herri hauetan, nago denok garela nolabaiteko euskaldun maketo. Hain zuzen ere, oin azpiko lur hau...

Beraz, bizitza luzea ALEAri eta Arabako proiektu euskaltzale guztiei, izan ere, soilik sarea eginez, eta elkarrekin euskararen erabilerarako baldintza egokiak sortuz egingo dugu aurrera gure lurretan hizkuntzaren biziberritzean. Zorionez, oin azpiko lur hau...

Amaitzeko, euskal esaera zaharrari erreparatuta, "Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu".

Espero dut bigarrenetik gehiago egon, eta zutabeotako hitzek zer pentsatua eman izana. Izan ere...

 

                   Oinetako lur hau jabilt ikaran!
                  Ai, aldi honi ahal bagenezaio enpara!   

 

Iñaki Lazkano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago