iritzia

Bada nonbait

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2026ko maiatzaren 17a

Argazkia: EUSKARAZ BIZI

"Bada egoera bere horretan utzi, eta pribilegioak mantendu nahi dituenik"

Hainbat definizio irakurri izan ditut kultura zer den azaltzeko asmotan idatziak, eta bakoitzetik zerbait hartuta beste hau ere osa daitekeelakoan nago: "Emakumeek eta gizakiek beren ingurua ulertzeko, interpretatzeko eta honi aurre egiteko zein honekin harremanetan jartzeko duten sistema sortzailea".

Eta hara non, munduaren bazter batean, txoko txiki honetan, baden norbait, temati, burugogor, inguratzen duena ulertzeko, aztertzeko eta azaltzeko, mendeetan zehar gutxitutako eta zapaldutako hizkuntza minorizatu bat aukeratu duena; hau da, badira, nonbait, euskara kultur lanabes eta komunikazio tresna hartuta, beren ingurua, oinetako lurra, interpretatzen eta jabetzen saiatu diren sortzaile nekaezinak. Ez duela hainbeste denbora, ezta horrenbeste lagun, baina zorionez, sortzaile horiek orain gauden lekura eta egoerara ekarri gaituzte sigi-saga etengabean.

Eta hara non, munduak gu euskaldun egitea erabakitako zoko honetan, ezin batzuetan, guk aukeratutako lanabesarekin lan egin, komunikatu edo solastatu, ezin euskaraz aurre egin eguneroko erronkei, eta azken boladan, nahiko ulergaitza egiten ari zait "lanerako eskubidea" euskararen erabileraren kontra azaldu nahi izate hori, ulertezina ez esatearren.

Kontuan hartu beharrekoa da laster beteko direla 45 urte Euskararen legea onartu zenetik, eta bertan esaten den bezala: "Herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa. Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko baliabideak bideratuko eskubide hori arian-arian gauzatu dadin bermatzeko".

Hortaz, berme hori lortzeke dagoela ikusita, eta hori begi-bistakoa izanik... ez al da prebarikatzea aldeko neurririk abian ez jartzea? Ez al da legearen kontra beren beregi jotzea?

Bada, nonbait, egoera bere horretan utzi, eta pribilegioak mantendu nahi dituenik.

Bada norbait, aspaldi, hurrengo hauteskundeetan bere lekua euskararen kontura bilatu nahi duena.

Norbaiten ardura izan beharko, eztabaida sustatzea, amarruak ikusaraztea eta berme horiek lortzea.

Bagara nor?

Iñaki Lazkano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago