Iritzia

Ez da giro

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2026ko otsailaren 8a

Irudia: 'The New Yorker'.

"Gerra hotza desagertu zelakoan, guda hotsak sortzen ari dira han eta hemen"

Azken boladan eguraldi hotza izaten ari da AEBetako hainbat estatutako kaleetan, elurra erruz eta izotza labaingarri. Hala ere, hotza nagusi bada ere, bestelako hotsak heltzen ari zaizkigu herrialde horretako "jela" dela eta; ICE delakoaz ari naiz, jakina.

AEBetako gobernu ezberdinek –izan demokrata zein errepublikano– edonon eta edonola ezarri, eta besteek pairatu behar izan dituzten jardunbide politiko-militar zapaltzaileak, orain, barne gaietarako ere erabiltzen hasi dira. Ez da gauza berria, badakit, baina horrela jarduteko inpunitatea eta babes politikoa ikusi gabea zen oraindik.

Etxean ICEkeriak eguneroko ogia, eta kanpoan, militarrak nonahi eta zernahi egiteko prest: Venezuela, Palestina, Libano, Siria, Iran, Kuba... Groenlandia!

Hertzainak taldekoek zioten bezala Si vis pacem, para bellum, eta armen industriako jauntxoak pozik: amerikanoak zein euskaldunak; Realeko presidentea eta sionistak, nahiz CAF enpresako buruak.

Si vis pacem para bellum, noiz arte jarraituko du dantzak?

Gerra hotza desagertu zelakoan, guda hotsak sortzen ari dira han eta hemen; gaur atzo bezala, sistema kapitalistak hildakoak mahai gainean jarriz jokatzen baitu bere partidua: hordagoak txikira eta handira, pareetara zein jokora jaurtiz, oraingoan keinu nabarmenak eginez (Trumpkeriak erabiliz), baina beti, aberatsen interesen alde kanoi eta bonba abarrotsa mundu osoan zehar zabalduz.

Ezin egiarik esan, beti gezurretan ari denak; ezin bakea zabal, gerrarako prestatzen denak.

Gaur San Blas, atzo Kandelaria; etziko Santa Agedari bihar egin beharko eskean, mundu baketsu baten bidean, traba egiten duten harriak kolpeka apurtu behar.

Iñaki Lazkano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago