iritzia

Kontratuak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2025eko maiatzaren 31

Irudia: EITB.

"Bada kontratu mota bat derrigor egin beharrekoa: geure buruarekin kontratu etikoa"

Ez dakit adin kontua izango den, baina azken boladan bizitzari talaia txiki batetik begira jartzeko ariketari lotu natzaio, eta nire begiratoki partikular horretatik saiatzen naiz aztertzen ingurua; eta ingurua diodanean, batez ere, gizakion jokamoldeez ari naiz, egiten dugunaz eta garrantzitsua iruditzen zaigunaz, besteak beste.

Izan ere, mundu anker eta gatazkatsu honetan gertatzen ari diren sarraski eta genozidioen aurrean zer jarrera hartzen dugun, horrek definituko gaitu etorkizunean. Bada esango duenik urrutian jazotzen direnak ez zaizkiola axola; edo besteak adieraziko oso konplexua dela norberaren iritzia irmo kokatzea, sarri, arrazoi osoa ez baitago han edo hemen, zurian edo beltzean, grisean baizik...baina egunero dozenaka umeren hilotzak bata bestearen alboan ikusten badituzu, ez izan zalantzarik, ireki begiak eta egin oihu.

Eta hartu kontuan bizitza zoro honetan mota guztietako kontratuak sinatzea egokitzen zaigula, batzuk gogo onez eta aukeratutako kontratu-kideekin, beste batzuk aldiz, kopetilun eta bidaide desatseginez. Horiek guztiak, hautazkoak. Aitzitik, bada kontratu mota bat derrigorrean egin beharrekoa, halabeharrezkoa, eta maiz berritu behar dena: geure buruarekin egin beharreko kontratu etikoa, guk geuk bakarrik sinatu eta bete dezakeguna.

Azken egunetan Pepe Mujicaren heriotzak gogorarazi dit nire kontratua iraungia zegoela, eta berritu beharra dudala; gogora ekarri dit komeni dela gure ingurukoak zaintzeko sinatutako kontratu soziala lantzean behin berrikustea eta berrestea, ezin baitugu ahaztu guztion zoriontasun baldintzak denon artean bermatzea dela bizitzaren helburu garrantzitsuenetako bat.

Bolaluma mahaigainean dago.

Iñaki Lazkano.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago