Badoa udazkena, badoaz bere koloreak apurka-apurka, eta laster sartuko gara neguan, oraindik adarretan dilindan geratzen diren hosto gorrixka, marroi ilun zein argiak aurki eroraraziko dituena.
Kantuak dioen bezala, "zuhaitz biluziaren gerizpean orpondoa, orbelaren hilobi, horiz eta gorriz dena lokarturik". Eta udazkena joatearekin batera, agur esan digu Itzaltzuko bardoak, oholtzak umezurtz utzita.
Badoa belaunaldi bat, hamahiru baino, hamarnaka hutsune bete zituena, euskal kulturaren errautsak berpiztu eta berrasmatu zituena, garai hartako gazteei altxatzeko eta kantatzeko hitzak, sena eta gogoa eman ziena.
Beldurra ematen du atzera begiratzeak, ez gaudelako ziur aurreak ondo ikasi duen dantzan. Izan ere, borondatea eta grina soberan zeuden garaietan egin ziren apustu ausartenak eta heldu zitzaien erronka zailenei. Duela 60 urte, euskal kultura galzorian zegoela, gure gizartetik erabat erauzia, hainbat lagunek, borondate hutsez eta konpromiso izugarriz, berpizte bidean jarri zuen bere adierazpide gehienetan.
"Udazkena joatearekin batera, agur esan digu Itzaltzuko bardoak, oholtzak umezurtz utzita"
Eta horretan gabiltza, bidea egiten, baina ez gaitezen engaina, bidea luzea eta malkartsua izango da. Gure borondatetik landutako Euskararen Nazioarteko Egun ugari, hamaika Durangoko Azoka, makina bat Kafe Antzoki, zientoka idazle, musikari, antzezle eta kritiko, kontaezin hizkuntzalari zein kazetari eta nahi beste Euskaraldia nahiz Korrika beharko ditugu bide horretan aurrera egin ahal izateko.
Euskarak urteko 365 egunak behar ditu biziberritzeko, eta guk egun horietako bakoitza gure euskalduntasunean bizitzeko.
Ez badugu gure etorkizun kolektiboa irudikatzen, ez gara izango.
Beraz, bagara ala ez gara.
Hortxe dago koxka!
Iñaki Lazkano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.