Azken boladan, asaldatuta eta nahastuta daude Europa zaharreko bazter guztiak muturreko eskuin harroputzaren haize ufadek astinduta, eta ez da giro mezu arrazistak, matxistak, klasistak eta bortizkeria zaleak han eta hemen lotsagabeki barreiatzen ari diren garai hauetan.
80ko hamarkadako hezkuntza erreforma neoliberalek ezarri zituzten ikuspegiek eta doktrinek egin dute beren lana, eta XX. mendean zehar gizakiak egindako barrabaskeria eta astakeria guztiak errepikatzeko eta zilegitzeko atakan gaude 2024ko urte honen bueltan, historiatik soilik istoriotxoak ikasteko gai izango bagina bezala. Laster 50.000 gorpuk garrasi egingo digute Gazako hareen azpitik, eta aurki, beste horrenbeste hilotz izango dira Mediterraneoko ur sakonetan.
Lehen eta orain, denean txakurrak hanka-hutsik; gaur eta bihar, begirada altxatu, gizarteari so egin, eta atzo nahiz etzi jazotako bidegabekeria guztiak salatzea baino ez zaigu geratzen, ez zaie gelditzen gaurko gazteei, gizalegez jokatu nahi izatekotan, bederen.
Izan ere, gaurko gazteek badute non, badakite nola, eta kontrakoa zabaldu bada ere, egin egiten dute. Zorionez, Euskal Herrian garatu den antolakuntzarako eta aldarrikapenerako tradizioak, oraingoz, ez du etenik; eta izan modu batean batean edo bestean, lekuko aldarrikapen zehatzetan edo iraultza komunista egin nahian; berriro diot, zorionez, gure herriko gazteria langintza horri darraio, eta aitzina joate horretan, ezkerreko bidea aukeratzen du, nagusiki.
"Zorionez, Euskal Herrian garatu den antolakuntzarako eta aldarrikapenerako tradizioak, oraingoz, ez du etenik"
Europan egin dituzten azken azterketa soziologikoen arabera, gazteen bozkak eskumara egin du nabarmen herrialde gehienetan, horregatik egiten zait deigarri eta atsegingarri hemen ez gertatzea horrelakorik. Antza, gure gazteek konfiantza eta itxaropena dute etorkizunean, eta aldaketarako gogo iraultzailea zein esperantza dituzte bidaide. Bejondeiela!
Gaurko euskal gizarteak inoiz baino gehiago behar ditu, han eta hemen, etengabe zabaltzen ari den olatu neocon bortitzari aurre egingo dieten azpiegitura eta ekimen herrikoiak, eta neurri berean, kanpotik etorritakoekin sareak eta konplizitateak sustatuko dituzten proposamen abegikorrak.
Erronkaz beteriko garai berriak ate joka, non eta nola garbi izanda, ziur naiz hurrengo belaunaldiek gauzatuko dituztela zer guztiak; behetik gora, ezkerretik eta euskaraz, jakina!
Iñaki Lazkano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.