Iritzia

Ainubean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2024ko mar. 22a, 08:00

Irudia: Gasteizko Udala

"Arazoei eta zailtasunei erantzukizunez egin behar zaie aurre, erronkak eskatzen duen arduraz, eta gehiegizko luzamenduetan ibili gabe"

Bada Gasteizen Aihotz plaza, behinolako Goiuriari, goiko hiriari, atxiki zitzaion plaza eguzkitsua; baina, aitzitik, bada inguruetan, Alde Zaharreko kale eta kantoi estuetan, leku laiotzik ere, ainubean dagoen txokorik.

Horrelako leku batean, Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian, eguzkiak gutxi berotzen duen bazter horretako batean, erabaki zen duela sei bat urte kalea argitu eta berotuko zuen kulturgune euskaltzalearen proiektua abian jartzea. Urteetan hutsik eta hotz egondako eraikina, birgaitu, prestatu eta euskaldunentzako, euskararentzako eta euskal kulturarentzako topagune nahiz sorgune bilakatzeko asmo sendoa erakutsi zuten hiriko euskaltzaleek eta Gasteizko Udalak.

Hartu ziren erabaki egokiak, landu zen kultur programa erakargarria hartzeko gai izango zen proiektu arkitektonikoa, eta ekin zitzaion lanari. Lizitazioa publiko egin zen, eta obra esleitu. 2022ko udazkenean lan hauek amaitutzat eman, eta era berean, hurrengo urteko udaberrian zabalduko zela iragarri eta agindu; hala ere, urtebete pasa da, eta oraindik kulturaren eta euskararen etxe izan behar zuenak itxita dirau.

Hotz eta huts, ainubean.

Herritarron antolakuntzatik eta gogo eraldatzailetik sortutako proiektuetan sinesten dugunoi ulergaitza egiten zaigu horrelako egitasmoak erakundeekin batera, edo behinik behin, erakundeen laguntzaz, abian jartzen ditugunean, bidean sortzen diren arazoei, instituzioek hauei aurre egiteko erakusten duten gaitasun mugatua zenbaitetan eta ezintasun osoa besteetan.

Bada inguruetan, Alde Zaharreko kale eta kantoi estuetan, leku laiotzik ere, ainubean dagoen txokorik

Arazoei eta zailtasunei erantzukizunez egin behar zaie aurre, erronkak eskatzen duen arduraz, eta gehiegizko luzamenduetan ibili gabe. Oraingoz, Izaskun Arrue Kulturgunea martxan jartzeko ahaleginean uste dut ez dela horrela jokatu; baina, oraindik, garaiz gabiltza egin beharrekoak zuzentzeko.

Izan ere, gure idazle batek ondo esan bezala, "Euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu eta nerbio sistema bat. Behar du lepo bat zeinen gainean segi aurrera".

Beraz, uste dut orain dela une egokia, orain dela abagunea, 
huts eta hotz dagoena, euskaraz  betetzeko eta kulturaz berotzeko; 
ainubean denari, eguzkia emateko; 
maite dugun hori,
zaintzeko.

Iñaki Lazkano.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago