Arrazoi zuen beste hark, pribilegiatu batzuk gara. Izan ere, jakin bagenekien berak esan aurretik ere. Ez dago ezkutatu beharrik, zori onekoak gu; primeran, hala moduz, erdipurdi edo trakets antzean hizkuntza bat baino gehiago ulertu, hitz egin eta batzuetan idazteko ere gai garenok.
Alajaina! Han eta hemen ibil gaitezke, berdin Tuteran nahiz Lekeition, izan Lezon zein Baigorrin, hala Urepelen edo Amurrion, gure hizkuntza ahoan eta belarrietan. Hau bai pagotxa! Pribilegiatuak, bai, Gasteizen Olaia Inziarte, Bilbon Ruper Ordorika, Baionan Dupla, Iruñean Xiberrots edo Donostian Gatibu ikusi eta entzuteko aukera dugulako.
Beraz, pozarren naukazu Alex, ez naiz Orkoienen bizi, baina Gasteizen ere sekulako zortea dugu: euskarazko ekitaldien kopurua itzela da, ezin aukeratu; egunero ari naiz eztabaidan nire buruarekin irrati bandan dauden dozenaka euskal irratien artean zein aukeratu; kioskora hurbildu eta ezin hainbesteren artean euskarazko egunkari bakarra aukeratu; zinemara joan eta aretoak euskal produkzioez gainezka... eta horrela egun osoan, pribilegiatu. Zori onekoa ni, eta gainontzeko ele anitzak, ez duzu gure taldekoa izan nahi?
"Antza, desagertutako Ature herriaren hitzak ziren, eta azken hiztun batek irakatsi omen zizkion loroari"
Behinola, gure taldekoa izan zen zure izenkide bat, beste Alex bat, Alexander Von Humboldt naturazalea eta antropologoa, prusiar jatorriko alemaniarra. Hemen eta han ibili zen, Ameriketan barna sei urteko bidaia luzean, zer topatuko ote zuen jakin-minak jota. 1799ko otsaila zen, eta halako batean, Amazonian, Orinokon gora, inork ulertzen ez zizkion hitzak errepikatzen zituen loro etxekotua aurkitu zuen. Harridura nagusi. Nork irakatsi zizkion hitzok loro berbatiari? Zein hizkuntzatan ziharduen? Antza, desagertutako Ature herriaren hitzak ziren, eta azken hiztun batek irakatsi omen zizkion loroari. Alexander, aurkikuntzaren garrantziaz ohartuta, hitz zerrenda osatu, eta erabateko galzoritik libratu zuen Ature hizkuntza. 40 hitz baino ez, 40 adiera eta esanahi.
Zorionekoak gu, ez garelako ataka horretan suertatu, baina kontuz, toki ospel edo laiotzak, denean dira, eta horietan, ezjakintasuna nagusi.
Iñaki Lazkano.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.