Jarduteak egiten ei gaitu, egiten dugunak janzten omen, osatzen eta ezaugarritzen, antza denez; egunero, eta urtez urte, gure bizitzetan zehar, izan hauek laburrak denboran ala benetan luzeak. Edo beste hark esan bezala: "gar itsaso bat baino ez gara", denak ezberdin, baina denak su hartzeko prest, gutxiago ala gehiago, kartsu ala emeki, baina hori, arrazoi ugariren ondorio izanik, zeinek jakin zergatik gertatzen den!
Egiten duguna gara, baina hurrengo hamabost egunetan kontrakoa egitera gonbidatu gaituzte euskaltzaleek, garen hori egitera, hain zuzen ere; zori oneko egiten gaituen hori egitera. Hau da, gure kulturaren ezaugarri nagusia, mundu ulertzeko dugun era, eta inguratzen gaituen lurraldearekin elkar bizitzeko modua praktikara eramatera: euskaraz mintzatzera deitu gaituzte, eta gure ohitura linguistikoak eraldatzeko proposamena egin digute.
Beste modu batean esanda, euskararen erabilera alor guztietan suspertuko, eta 15 egun iraungo duen giza eta eme ariketa batean parte hartzera gonbidatu gaituzte, aldaketa golde izan dadin, eta gure jarrera linguistikoak iraul ditzagun.
Zertarako, eta hobeto jakiteko edo ezagutzeko, pentsatzen duguna baino askoz gaitasun handiagoa dugula euskaraz komunikatzeko, sekula imajinatu duguna baino gehiago, eta gehiagorekin, ariketa hau euskararen aldeko hainbat joera linguistiko aldatzeko behar dugun bultzada, eta barruan daramagun euskara azalarazteko gailua izan baitaiteke.
Ezagun da ez dela Euskaraldia izango, bat-batean, Euskal Herriko kaleak, plazak, lanpostuak, eskoletako jolaslekuak edo politikarien parlamentuak euskaldunduko dituen plan perfektua edo ekimen zoragarria, baina gutxienez, dinamika berritzailea eta bateratzailea izango da. Eta euskaldunoi beharrezkoak zaizkigun beste neurrien osagarri bilakatuko da, ariketari gogotsu helduz gero.
Hitzez ekiteko garaia da, hitzaren denbora, euskararen eguneroko erabilera suspertzeko aroa, nire euskararena eta zurearena ere bai. Izan ere, erronka garaia da, helburuak zehazteko unea, baita gai honetan ere, nire ustez, errespetu, eskubide eta demokrazia kontua baita. Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat, bere-berez, ahalduntze linguistikoa helburu duen talde-ariketa xaxatzailea izateko asmoz jaio baita.
Iritsi da gure txanda, egiten duguna gara; ekin jardunari, eta izan sorioneku!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.