"Euskara idatziari enbite bat bota diot: aurten bai! Urtero neure buruari esan ohi diot esaldi ponpoxo hau.
Urtero hauxe izaten da nire jokaldirik onena.
Baina urterokoa da nire kontrakoa, eta ederki asko daki nola irabazi dema hau. Berehala hordagoa bota dit: Idazlana!
Hau zorte petrala...
Nire barneak (urtero bezala) dardaka hasi dira, begiak (urtero bezala) samintzen zaizkit, eta neure burua (urtero bezala) alferkeriaz kutsatzen da... Baina aurten lau errege gordeta ditut sakelean:
Lehendabiziko erregea. Ezpatak. Aurten idazlanei hortzak erakutsiko dizkiet, kontura daitezen ez didatela beldurrik ematen.
Argi daukat; euskaraz idazten ikasteko idatzi egin behar dut...
Atxaga jauna, zure behi famatua erreta jango dut, nik idatzitako idazlanen paperaz egindako txingarekin.
Bigarren erregea. Bastoak. Aurten egunero idazlan bat idatziko dut gutxienez; edozein gairi buruzko idazlanak, amodiozkoak nahiz abenturazkoak, dibertigarriak nahiz aspergarriak. Euskaraz irakurtzen hasiko naiz, baita ere. Neure burua gai desberdinez mozkortu behar dut... Atxagaren behia erretzeko paper asko beharko dut eta.
Hirugarren erregea. Urrea. Hau lortuz gero, nire euskara oso aberatsa bihurtuko da....
Orduan Atxagaren haserrea baretuko dut, bere mahai gainean negozio bat jarriz: behiak haztea.
Laugarren erregea. Kopak. Hau poza, nire amets guztiak beteak: edozein idatzi mota idazteko gai izango naiz, Eusko Jaurlaritzako langileak liluraturik geratuko dira nire kexa idatziak irakurtzean. Agian Euskaltzaindikoek deituko naute bere gomendioak arau bihurtzeko...
Eta behien negozioa gaizki joanez gero, idazle berria sortuko da Euskal Herrian, irakurleek Atxaga eta bere behia ahaztu ditzaten.
Hauek dira patrikan gordeta ditudan erregeak.
Jokoa hasi da. Nik enbitea bota berri dut, nire jokokideak hordagoa bota dit.
Nire aukera da. Erregeak atera behar ditut patrikatik, baina ziria sartzen oso txarra naiz.
Akabo, hurrengo baterako utziko ditut prest nituen erregeak.
Aurten ere neure burua alferkeriaz blai!"
Aurreko idazlan hau ordenagailu zahar batean topatu dut. Hau zortea! Noizkoa den? EGA agiria ateratzeko azken saiakera egin nuen garaikoa. 1994an? Igual berriz erabiliko dut. Erraza izan da idaztea hilabete honetako nire zutabea!
Alferra dena, beti alfer! Ai! Eta EGArik ez!
Iñaki Carretero.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.