Harrotasunaren manifan izan naiz.
Harrotasuna: "Norbaitek, goresgarritzat edo aipagarritzat hartzen duen zerbait, sentitzen duen gogobetetasun bidezkoa". Bai, arrazoi, baina munduak ni harro nagoela ez badaki, zertarako balio du harrotasunak?
Enpatia: "Beste norbaitekin bat egiteko edo beste norbaitek sentitzen duena sentitzeko gaitasuna". Enpatikoa izateaz gain, nik zerbait egiten dut "norbait" horiei laguntzeko? Enpatia, soilik, ez borrokatzeko aitzakia da. Enpatia soilik ez da nahikoa… Hori bai, burua lasai, enpatiko…
Itxaropena: "Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona". Usteak erdia ustel. Itxaropena, "uste ona", lortu ez duzun desiraren negarra delako. Nik ilusioa edo gogoa nahiago ditut, ilusioa eta gogoa aktiboak baitira.
Hitzak, ekintzarekin batera ez badoaz, hutsak dira, itxura soilik. Ez dakit txikitan, eskola garaian, marikoi deitu zidaten ala ez. Ziur baietz, desberdina eta xelebrea bainintzen, futbola ez nuen gustuko, loreekin eta belarrekin ematen nituen orduak jolasten, antzerkizalea nintzen, bakartia, eta neskekin jolastea ere ez zitzaidan inporta… Bai, ziur nago marikoi deitu zidatela. Agian, nire buruak ezkutatu dizkit oroitzapen horiek. Agian nire buruaren urteetako estrategia izan da nik nahi dudan pertsonaz disfrutatu edo maitatu ahal izateko… inongo etiketarik gabe aske. Aske?
Orain dela egun batzuk eskola baten patioan mutil bat ikusi nuen, bakarrik, komiki batekin; eta ez oso urruti beste haur batek bere lagunari esan zion, ikasitako normaltasunarekin, erdi ozen, komiki zaleak entzun zezan: "Mutil hori gaya da".
Mutilarengana hasi zen joaten iraintzailearen laguna, baina iraintzaileak komikilariari begirada kendu zion eta bere laguna eskutik heldu eta bizi-bizi eraman zuen jolastera beste toki batera.
Iraintzailea? Bai. Haurraren jarrera iraina izan da, jarrera bera, maricón deitu diolako agian errazagoa den beste hitz batekin, era xume batean, baina jarrera bihotzak zulatzen dituzten horietakoa izan da.
Hitzek edo entzuten denak baino, gure aurrean ikusten eta sumatzen ditugun jarrerek sortzen dituzte ideologiak eta izateko erak. Kontuz ibili, ni marikoia naiz baina zuri ere beste etiketaren bat jar diezazukete.
Borroka ez da bukatu.
Iñaki Carretero.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.