Adi egon hadi adimen artifizialarekin: adimen artifizial horrek ez duelako adimenik, baina atzean dauden pertsonek, hauek bai, hauek adimen handia dute, batez ere adimen politikoa, ekonomikoa eta boterearena… eta hau ez da artifiziala, hau benetakoa da.
Eta hauen helburuetako bat? Asko ez pentsaraztea, oso kritiko ez izatea, eta agian ezagutza eta adimen ez oso zuzena eskaintzea: haiek emango digutelako zer pentsatu, eta haiek ere erredaktatuko digutelako nola irakurri eta sentitu behar dugun guri eskainitako hori… Baina argi eduki: haiek ez dute ezer idazten, besteek idatzitako testuak eta ideiak erabiltzen dituzte, eta hemen gakoa: noren testuak eta noren ideiak?
Urduri jartzen nau pentsatzeak Elon Musk bezalako sasi-pertsonak horien atzean daudela…
Eta noski, 'ironia on' jarrita, goazen batuketa egitera: erabiltzeko errazak direla + lana errazten digutela + informazio ugari ematen digutela + normaltasuna saltzen digutela + munduan gaudela sentiarazten gaituztela + pertsona guztiei informazio bera eta demokratikoa ematen digutela + zuek gehitu nahi dituzuen "konpletibo" guztiak… Gehitu horiek guztiak, eta eragiketa matematiko hobeezina sortzen da. Emaitza? Artzain sentitzen diren ardiz betetako gizakiak lortzea, baina Adi-beeee artifizialarekin…
Adi egon hadi adimen artifizialaren benetako artzainak direnekin. Informazioz eta formazioz artzain izateaz gain, otsoak dira, baita ere, eta beren interesen artzain eta ertzain…
Baina hau ez da atzoko gauza, hau guztia historian zehar gertatu izan da, era batean edo bestean, historia eta jakinduria banatzen erak, ideologiak eta bizimoldeak eraikitzen baitituzte… eta ardi ez izateko, kritikoa izaten ikasi behar da. Hori esan zidan Lourdesek…
Nik suertea eduki nuen nerabezaroan. Kritiko izaten erakutsi zidan Lourdes Soriak, historia irakasleak. Irakasle zorrotza, baina pentsarazten jartzen gintuena; berak ez zuen nahi bere ideologia gure buruan jartzea, berak gure ideologia propioa izatea bilatzen zuen. Behin esan zidan: historia ideologiaren menpean kontatzen da, horrexegatik ideologikoki desberdin diren kontaketak irakurri behar dituzu kritiko izateko, bestela ikasitako guztia artifiziala izango da, ardia bihurtuko zaituzte, eta zu ez zara ardia.
Artifiziala. Agian gaur egun inposatu nahi diguten "adi-beee" bezala.
Iñaki Carretero
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.