Zaska!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2024ko aza. 28a, 12:13

Argazkia: MichaelMaggs

"Ikusi eta entzun dugunarekin gure ahoa hitz hutsez betetzea lortu dute; ikuspegi eta diskurtso propiorik ez"

Nire lagunaren seme nerabearekin nengoen, eta esku artean zuen komiki batean irudi bat agertu zitzaion. Nik, zentzu handiz, hurrengo hau esan nion:

-Irudi hori 'Hiru tximino jakintsuen' tailuan oinarrituta dago. Hiru tximinoen irudiak ditu. Batek bere belarriak tapatzen, beste batek bere begiak estaltzen, eta hirugarren bat bere ahoa ixten. Eta eskultura honek duen bitxiena, niretzako behintzat, hauxe da: irudi hau ikusterakoan ia denek pentsatzen dutela belarriak tapatuta dituenak ez duela ikusten eta hitz egiten, eta begiak estalita dituenak ez duela hitz egiten ezta entzuten ere, eta ahoa itxita duenak, berriz, ezin duela ez entzun ezta ikusi ere... Eta hau ez da horrela.

Pentsamendu hau bizi garen gizartearen hautematea besterik ez da, giza seme-alabek ondo dakigu zentzu bat galtzen duzunean besteak areagotzen direla. Agian horrexegatik gorputzak ditu hainbeste zulo eta bi esku bakarrik: guztiak batera tapatzea ezinezkoa izateko, alegia. Gorputzaren ezaugarri honek errebelde izatera bultzatu eta lagundu gaitu...

Eta nerabeak hau erantzun zidan:

-Ba zuloak ixteko era topatu dute... ateak edo langa fisikoak jarri gabe.

-Nola?

-Ba, hain zuzen, gure zentzumen zuloak betetzen etengabe: hau da, belarriak ezer kontatzen ez dituzten informazioz betetzen; begiak irudi azkarrak, txundigarriak, harrigarriak eta hunkigarriak baina ezer ez kontatzen dituzten informazioz betetzen; eta honen ondorioz, zureak ez diren zentzugabeko diskurtsoez ahoa betetzen.

-Eta zer lortzen dute horrekin?, galdetu nion berriz.

-Erraza. Entzumenaren kasuan, pentsamendu propioak ezin sortzea eta hauek ezin entzutea, gure barneak zarataz bete digutelako, tira, agian bete dugulako. Ikusmenaren kasuan, norberaren irudi propioak ikusteko aukerarik ez ematea, errealitatea bera eta bakarra ikusarazten baitigute, horrela ezin irudi propiorik ikusi, gure buruari zuzendutako irudi bonbardaketak ez diola denbora uzten gure buruari irudi propioak sortzen.

-Eta mintzamenaren kasuan?

-Ba ikusi eta entzun dugunarekin gure ahoa hitz hutsez betetzea lortu dute; ikuspegi eta diskurtso propiorik ez.

-Eta hausnarketa sakon hau nola sortu zaizu ba?

-Erraza, komiki interesgarriak irakurriz...

Hortxe ni, lur eta zur.

Iñaki Carretero

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago