Udaoff

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2024ko ira. 23a, 11:00

Argazkia: UNSPLASH

"Gasteizera ailegatu naiz, kotxetik atera, praka motzez, eta jertsea jarri gabe, noski; oraindik udara da eta nire duintasuna gorde behar dut".

Ni hantxe, arratsalde partean, abuztuko azken asteko ostiralean gure baserriko kanpo aldean, etxeko atea itxi berri, gorputza kotxerantz jarrita, eta pozik Gasteizera noalako afari batera… Baina nire azalak zerbait nabaritu du, urduritu egin da, haize fresko batek laztandu bainau, nire azaleko poroak tente jarri dira; bai, tente, oilo-ipurdia… Buruak buelta eman du horrekin batera, gorputza etxerantz jarri da, eta etxean sartu naiz erretxin jertse baten bila…. Praka motzak ez ditut kenduko! Udaren erresistentziaren ikurra delako niretzat.

Beste seinale bat:

Gasteizera ailegatu naiz, kotxetik atera, praka motzez, eta jertsea jarri gabe, noski; oraindik udara da eta nire duintasuna gorde behar dut; baina duintasun kutsu hori berehala joan da… Konturatu gabe: udako kamiseta polit hori praka motzaren gerriaren azpitik sartu dut; arabarrok ondo dakigu hori: "giltzurruna bero eta ibili munduan". Eta tranbiaren geltokira joan naiz, eskuak bizkarraren atzean lotuta, batek adin bat daukalako….

Seinale handi bat:

Geltokitik ehun metrora nagoenean, hantxe bertan, ur tanten aztarnak ikusi ditut lurrean, eta nire oinak ikusi ere! Jode, hau marka, sandaliak galtzerdiekin jantzi ditut konturatu gabe! Hau ere seinale bat izango da? Igual bai. Baina sandaliak britainiarren erara janzteak eta euriak ez naute geldituko, ezta nire udako duintasuna suntsituko ere. Eta euria bera ere ez da eten, udako zaparrada martxan dago, kristorena.

"Praka motzak ez ditut kenduko! Udaren erresistentziaren ikurra delako niretzat"

Ez dakit nola baina hantxe nago, geltokiaren aterpean, BAT txartela balioztatzen eta nire gorputzaren isla azken puntako pantaila digital erraldoi batean ikusten, nire oin bustiak guztiz analogikoki begiratzen, hankako ileak blai, kamiseta mela eginda, giltzurrunaldea airean, eta jertsea buruan landa eremuko heldutasunera ailegatzen ari den gizon batek egingo zuen bezala: burua lehorra baduzu, katarrorik ez.

Azken seinalea:

Bi kolpe lurrean eman ditut sandaliak, galtzerdiak eta hankako ileak sikatzeko. Jertsea gerrian lotu dut, kamiseta bi hatzekin hartu eta astinduz, nire abdominala eta daukan pecho loboaren arrastoak galdu dira, udako duintasun kutsu guztiekin batera. Arnasa sakon hartu dut, eta hantxe aurrez aurre ispilua izan den pantailan, mezua agertu zait: "Irailaren 2 tik aurrera, neguko ordutegia". Eta aldi berean whatsappa: "Iñaki, artikulua idatziko uda ondorengo hurrengo asteko ALEArako?".

Kaka zaharra, Arabako uda kaxkarra bukatu da…

Iñaki Carretero.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago