Gero eta jende gehiagok omen daki euskara, gero eta haur gehiago matrikulatzen omen dituzte eskoletan euskara ikasteko, eta ziur nago aurtengo Korrikan jende askok korrika egingo duela euskararen alde, euskara kontsumitzeko prest.
Haur eta gazteei zuzendutako kultur ekintzak euskaraz barra-barra daude. Baina kontsumitu behar diren euskalduntasun pilulak izango balira bezala sortuak ote dira? Benetan euskaraz sortu dira ala euskara aurrera egiteko bakarrik erabili dute? Agian euskara erabiltzeagatik denak balio duela pentsatuz?
Eta helduen kasuan? Normalean euskalduna diren pertsonak bakarrik joaten gara euskaraz sortutako eta egindako kultur ekintzak ikustera. EGA azterketa prestatzen egonez gero, euskara dakitenak ere, igual euskara kontsumitu beharragatik joango dira. Eta euskara erabiltzen duten hainbat irrati, telebista eta aldizkari ez al dira gure inguruan dauden hizkuntz boteretsuen komunikabideen itzulpen zuzenak bai helburuz, bai formaz, bai nortasunez, euskara erdara bihurtuz?
Ematen du azken urte hauetan euskalduna izatea kontsumitu hitzarekin soilik dagoela lotuta; kontsumitu, kontsumitu eta kontsumitu euskara, baina askotan ez euskaraz. Eta ni, erdalduna naiz bai, Martina castellanaren semea, eta harro; baina harro esan dezaket ere nire burua eta bihotza euskaldunak direla, euskaraz ari, bizi, jolas eta amesten dudalako. Baina nola izan da hau? Euskaraz aritzen, bizitzen, jolasten eta amesten. Igual zortea izan dut Orion jaiotzeagatik eta "euskal bizitza" eta euskaraz inguratuta egoteagatik; igual zortea izan dut herriko hainbat semek eta alabek euskaraz maitatu nautelako; edo agian zortea izan dut konturatu nintzenean ez nuela euskaldun berria izan nahi, euskaldun gaztea baizik, zahartu beharrekoa…
Beharbada hor dago gakoa: nik ez nuen euskara kontsumitu; euskara han zegoen, inguruan, bizirik, herritik sortuta, herriak berak emana ni laztantzeko. Agian nik goxo-goxo dastatu dut euskara euskaraz, eta horrela loratu da euskara nire barnean, erraietan sustraituta.
Agian horregatik kontatzen ditut ipuinak euskaraz, nahiz eta batzuetan nire euskara kaxkarra izan eta erdarazko hitz asko bota. Baina beti egiten dut erraietatik, sustraietatik, ez dudalako nahi euskara sustatu, sustraitu baizik, nirekin egin zuten bezala.