kalea bizi

Pornoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2023ko aza. 27a, 08:00

Argazkia: UNSPLASH

Ez dakit zertan ari diren, baina ziur hauek kontatzen eta entzuten dutena zerbait erotikoa dela. Hitzak ahoan, baina gogoa non?…umm.

Parke batean familia bat: aita, ama, amona, aitona, izeba-osabak eta hiru haur, 10-12 urte ingurukoak.Ni, banku batean eserita, so. Helduak solasean ari dira, eta ni begira.
Ez dakit zertan ari diren, baina ziur hauek kontatzen eta entzuten dutena zerbait erotikoa dela. Hitzak ahoan, baina gogoa non?…umm.

Ziur nago, bai, istorio sexuala da. Ondo ikusi baitut nola taldeko gizonezko gazte-heldu batek bere eskua hanka tartera eraman duen, taldeak ematen duen bakardadeaz, suabe, goxo, isiltasunez, urduritasun puntu batekin, egin nahi eta aldi berean egin nahi ez duen bidea osatu nahi duelako. Azken garai hauetan askotan entzun duelako hori ez dela egin behar jendearekin dagoenean; baina azkenean, askotan ibili duen bideari ekin dio, klandestinitate sentimenduarekin baina tinko, hanka tartean sentitzen duen dar-dar horri ezin diolako uko egin, eta, prakaren oihala egongo ez balitz bezala, hantxe bere eskua, izterraren geometria osatzen ez duen konkor, fardel ala paketea ukitzen, sentitzen eta mugitzen alde batera.

Baina hau ez da nahikoa… Hankak pixka bat zabaldu eta eskuak beste bide hobeago bat hartu du, agian bide intimoagoa… Begirada galdua jarriz, eta betazalak apurtxo bat makurtuz, gizonak eskua sakelatik sartu du konkor, fardel ala paketea hartu nahian, une goxoa berarentzat.

Osperas! Hau marka! taldeko gizon gaztea ere bero jarri da. Eta aitona? Jexus, Maria eta Joxe! Aitona ere bero! Nire begiek ez dute gezurrik esaten… Izterra ukitu eta gero, patriketan sartu baitituzte eskuak.

Hara! Taldeko emakume batek bere ipurdirantz eraman du emeki eskua,  eta amona urduri jarri da taldean gertatzen ari denaz konturatu denean. "Zer gertatzen da?", galdetu du. "Amona, hartu mugikorra, familiako watxapeko taldea da eta!", erantzun diote besteek amonari.

Eta hantxe, sei heldu telefonoari begira, bakarkako sexua egiten. Benetan une goxoa. 
Une goxoa da, baita ere, haurrentzako. Familiako helduak haiekin ez daudenez, nerabezaro aurreratu eta faltsu baten aurrean bere lehenengo sexu harremanak sentitzen ari  dira mugikorra lagun; goxo, suabe, atsegingarria ez den pornoa ikusten. Beno, haiek ez dakite hori, haiek ikusten dutena bakarrik dakite. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago