Zahartzen garenean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2023ko urr. 6a, 08:00

Argazkia: I.CARRETERO

Triste nago, baina aldi berean pozik; bihar gurasoak bere etxe berrira joango dira.

Jaio garenetik zahartzen joaten gara. Jaio garenetik gure gorputza eta burmuina heltzen hasten dira, norbaitek dastatu behar duen fruitu distiratsua izango balitz bezala… Eta nik nire buruari galdetzen diot ea ez ote den egia denborak dastatu baino fruitu hori jan egiten duela, denbora elikatzen dela norberak denborarekin sortzen duen fruitu gozo horretaz, gure denbora agortu arte, haginkada latzak emanez, gure burmuinak gordeta duen pasatako denbora jan nahian, oroitzapen bihurtuta dauden horiek. Eta jaten ditu bai, ondo jaten ditu.

Guraso zaharrak ditut… Aitak haginkadak ditu burmuinean; baina amaren burmuina haginkadaz josita dago, eta bera batzuetan soilik konturatzen da denborak eman dion gabeziaz. Denborak bere sena zahartu baino zartatu du. Eta orain bere sena aitaren eskuari lotuta dago, eskua emanda biek batera egiten dute bidea, sekula santan egon ez diren bezala. Agian denborak emandako azken duintasuna izango ote da, maitasuna.

Hau guztia urrutitik ikusi nahian nabil, denborak ere nire buruan hozka egin duelako, eta gogor. Barruan sentitzen ditudan hozkadak ez daude bero, hotzak dira… Eta bai, gurasoak maite ditut, nahiz eta batzuetan sentimendu hau eduki nahi ez dudan.

Gurasoei begi txikiak jartzen zaizkie bere bidetik, bere albotik, urrunduko garela pentsatzen dutenean, eta hozkadak egindako zuloetara erortzen dira; eta zulo sakonean daudenean, dena ahaztu egiten zaie, eta berriz egiten dute gora, eskua emanda.

Beraien burmuinean hozkadek utzitako tarteak bete nahian nabil, hala moduz, konturatu gabe niri ere begi txikiak jartzen ari zaizkidala eta hurrengo pausua nire zuloetan erortzea dela… Eta ez, ni eroriz gero, nire oroitzapenek eta pentsamenduek ez naute utziko zulotik ateratzen, denborak oraindik jan ez dituelako, horrexegatik nire barruko zartetatik urrun ibili beharra daukat, ez erortzeko, haien alboan egoteko…

Triste nago, baina aldi berean pozik. Bihar gurasoak bere etxe berrira joango dira, begi txikiak jartzen seguruenik. Niri ere txikiak jarriko zaizkit, baina ez naiz eroriko, ez dut burua makurtuko, eta bai, malkoren bat botako dut, baina gurasoak, argi eduki, malko hauek hozkadak utzitako zuloak betetzeko erabiliko ditut, zuek asko maite duzuen itsasoa sortzeko nire barruan. Muxu bat ama, muxu bat aita. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago