Hau da dagoena…

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Carretero 2023ko uzt. 8a, 12:00

ARGAZKIA: Oscar Sutton/Unsplash

Etxeko txikiek gurekin jolastu behar duten garaian, askeago egiten gaitu pantaila emateak… Lasaitasunaren banderaren lelopean.

Pantailak gure mundua irabazten ari dira, guda isil batean, poliki-poliki, eta gu beraien soldaduak omen gara…

Hau irakurtzerakoan, hainbat irakurlek tontakeri galanta bota dudala pentsatuko duzue, ziur. Bada, hemen galdutako bataila batzuen eredua: 

Kontzertu batean disfrutatzen egon ordez, mugikorrarekin molestatzen egotea; zera, barkatu, grabatzen... Oroitzapenen banderaren lelopean.

Iluntasuna behar duen momentu batean Whatsapp baten argiak eta soinuak beteko dute zure bihotza; zera, barkatu, momentua… Komunikazioaren banderaren lelopean. 
Etxeko txikiek gurekin jolastu behar duten garaian, askeago egiten gaitu pantaila emateak… Lasaitasunaren banderaren lelopean.

Edo ikusi dudan azkena, eta horretara dator idazki arraro hau. Gizon batek emakume bat hil du kalean, tiro batez, eta emakumearen bizilagunek, danba-danba entzun eta gero, pantailak piztu dituzte, eta etxeko balkoitik grabatu dute, bero-beroan. Zer banderaren lelopean? Agian, telebistan eta Whatsappean lehenengoak izateko? Kaka zaharra! Eta guk gure espezieari animalia arrazionala esaten diogu? Kaka zaharra, berriz ere!

Eta kontuz: 
Pantailek ez dute ikusmenik, baina gure begiak izan nahian dabiltza. 
Pantailek ez dute emoziorik, baina gure bihotzak izan nahian dabiltza.
Pantailek ez dute oroitzapenik, baina gure burmuina eraiki nahian dabiltza.
Pantailek ez dute imajinaziorik, eta dimentsio bakarreko irudiez gainezkatzen gaituzte.
Pantailek ez dute ezer ukitzeko aukerarik, baina sinestarazten digute edozer gauza ukitzen ari garela.
Pantailek ez dute gure inguruarekin harremanetan jartzeko ahalmenik, baina inguruarekin batzen gaituzten sentsazio faltsu batekin mozkortzen gaituzte.
Pantailek ez dute kontzientziarik, eta gure kontzientzia bermatu nahian dabiltza, kontzientzia komuna, gran hermano moduko kontzientzia…
Pantailek ez dute hunkitzeko ahalmenik, gu hunkitzen gara, norbera bere buruarekin. 
Pantailek ez dute usaintzen, guk usaintzen dugu mundua.
Pantailek ez dute negar egiten, guk egiten dugu negar.
Pantailek ez dute barre egiten, guk egiten dugu barre.
Pantailek ez dute txortan egiten, guk egiten dugu txortan…
Pantailak zapalak dira eta, bizitzeko instinturik ezean, bihurtu, izan, eraiki, bete, ukitu, behatu, bermatu, hunkitu nahian dabiltza; eta guk utzi…

A! Eta hauen atzean ez daude soilik larratu nahi gaituztenak, ez; pantailaren atzean gu ere bagaude, eta ez ahaztu gizakiok ertzez betetako animaliak garela; eta horrela jarrai dezala… 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago