Txikitan aspertzera behartzen ninduten. Larunbat eguerditan, marrazki bizidunak eta gero, kalera bidaltzen ninduten etxekoek: "Benga, kalera jolastera!", esaten zidan amak. Eta nik hari: "Ama ez dut nahi, kalean aspertuko naiz eta…". Ba hori, joan zaitez aspertzera; eta amak etxeko atea zabaldu eta nire katiuskekin kalera joaten nintzen, negu gorrian! Bai gaztetxo maite, negu gorrian, euri azpian, txamarra jantzita, nire lagunak kalean ziren jakin gabe. Lagunei telefonoz deitu? Bai zera, "hortxe abentura", "hankak zertarako dituzu ba", "hori ez da urgentea", eta "ospa hemendik", esaten zidan amak… Eta hantxe ni, frontoi zaharraren aterpean, eserita, eskuetan ezer gabe, burua libre, lagunen zain.
Nire etxean, bazkaldu ondoren, Heidi, Marco, La abeja Maya, Orzowei edo film luze bat ikusten zen, nire lagunen etxean bezala; eta ondoren gertatzen zen berehala betetzen zela frontoia aspertutako umeez… Eta hantxe irudimenaren magiaren app-a martxan jartzen zen, librea eta kontrol gabekoa; bueno, libre-librea agian ez, gure irudimenak martxan jartzen zituen ekintzak amaren zapatilaren "kontrol parentala" bazuelako noizean behin, baina guk arriskua maite genuen.
Txikitan ere, komunera kakar egitera joaten nintzenean, beti esku hutsik joaten nintzen, eta hantxe eserita aspertzen nintzen, txanpu ezberdinen osagaiak irakurtzen; melodiaren erritmoarekin hankak mugituz txistua jotzen nuen, kakaren kiratsaz gozatzen nuen. "Zertan ari zara hainbeste denbora komunean?", galdetzen zidan amak gaztetan. "Zergatik irauten du horren gutxi komuneko paperak?", eta ni hantxe nengoen, aspertzen, eskua gora eta eskua behera, oraingo honetan esku bat beteta baina pantailarik gabe, dena buruz… Hori, orain, guztiz ezinezkoa da!
Aspertzeak libre egiten gintuen, eta nik ez nuen aspertu nahi. Orain, aspertu nahi dut baina ez didate edo ez diot nire buruari uzten. Libre egiten gaituzten pantailei eta gailuei gure menpekotasunarekin ordaintzen diegu, eta ez gara konturatzen, jakinduriarekin, informazioarekin edo aisiarekin makillatzen dutelako. Askeagoa omen gara, baina guztiz kontrolatuak, haiek jartzen dizkigutelako bideak, eta ez gure buruak.
Hau gaztetxoei azaltzea gero eta zailagoa egiten zait, eta azaldutakoa aspertzen direnean bakarrik ulertzen dute, baina horretarako norberaren burua erabili behar da, eta horrela ez dira aske sentitzen, pantailarekin bai… Agian, hurrengoan azaldu beharko diet nola gozatzen nuen gure buruek sortzen zituzten irudiekin, usainekin, sentsazio ugarirekin, frontoian edo komunean…
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.