Broken Brothers Brass Band

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2026ko uztailaren 16a

Argazkia: BROKEN BROTHERS

"Funka, gospela, eta jazza, inprobisazio kolektiboarekin nahastuta, kalejira bakoitza errepikaezin bihurtuz" 

Prentsan irakurri dudan datu batek zer pentsatua eman dit: musika jaialdien negozioa gero eta enpresa gutxiagoren esku dago. Gainera, inbertsio funtsez elikatuta, sustatzaile horiek sekulako makroekitaldiak bultzatu dituzte, non, maizegi, artisau lanak eta etikak tokia galtzen duten diru-hotsaren kontura.

Horregatik eskertzekoa da oraindik ere denontzat pentsatutako kultur guneak egotea. Gasteizko Jazzaldiak, ordainpeko kontzertuak eskaintzen baditu ere, kulturaren beste ikuspegi bati eusten dio: kalera ateratzen den kulturari. Eta aurten ere hala egingo du, besteak beste, Broken Brothers Brass Band taldearen metalezko doinu eta erritmo biziekin.

Nafarrak 2006tik dabiltza plazaz plaza euren artea zabaltzen. Haien proposamena New Orleanseko Marching Band eta Second Line tradizioetan sustraituta dago: funka, gospela eta jazza, inprobisazio kolektiboarekin nahastuta, kalejira bakoitza errepikaezin bihurtuz. Jazzaldiak Mendizorrotza kiroldegian Ruben Blades eta Snarky Puppy bilduko dituen bitartean, uztailaren 15etik 18ra Broken Brothersek hiriguneko plazak hartuko ditu.

Eta ezin zitekeen bestela izan. Second Line tradizioa ez zen kontu korronteetan pentsatuta sortu. Kalean jaio zen, ospakizunak, desfileak eta hiletak laguntzeko; komunitatearen beroan hazi zen, ez enpresa bateko bilera gelan. Gaur, gauza guztiek prezioa dutela sinetsarazi nahi diguten honetan, pozgarria da espazio publikoa inori ezer eskatu gabe jai bihurtzen duen talde batekin topo egitea.

Alderdi alaia izanda ere, Broken Brothersek badu izaera serio eta konprometitua ere. 2016an, Elhadji Ndiaye Iruñeko bizilaguna Polizia Nazionalaren komisarian hil zen atxiloketa polemiko baten ondoren. Orduan sortu zuten Elhadji Ndiaye pieza, Txertaketa diskoan jasotako afrobeat kutsuko lan aldarrikatzailea. Disko berean dago Greba Mugagabea, greba borrokarako tresna gisa aldarrikatzen duen abestia. 2023an, Mursego, Joseba Tapia eta beste hainbat artistarekin batera, Katakrak liburudendaren ereserkia den Etengabe ere sortu zuten.

Beraz, aste honetan Gasteizko Alde Zaharreko kantoiren batean tronboiren batekin topo egiten baduzu, ez ezazu hartu kaleko beste edozein kontzertu bezala. Pentsatu musika ulertzeko beste modu baten adierazpena dela: irekia, partekatua, eta kalea –negozio bihurtu gabe– geureganatzeko gai dena.

Komunikabideen fokuak Mendizorrotzara begira egongo diren arren, ziur naiz jaialdiko unerik ederrenetako asko kale eta txokoetan sortuko direla beste behin ere; sarrera garestirik erosi gabe, festa barru-barrutik sentitzen den leku horietan.

Igor Muñoz.

 

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago