Genozidio batek giza bizitzak deusezteaz gain, herri baten memoria kolektiboa ezabatzea bilatzen du: hizkuntza, tradizioak, musika... Halaxe gertatu zen Amerikako eta Australiako indigenekin, eta baita juduekin eta ijitoekin ere holokausto nazian.
Palestinako genozidioaren testuinguran, urteak daramatzate kolonizatzaileen errepresio kulturala jasaten. Horretan oinarrituta, Mo'min Sawaitat DJ eta ikertzaileak Majazz Project sortu du. 60-90 hamarkadetako binilo, kasete eta CD ahaztuak berreskuratuta, 7.000 grabazio bildu ditu musika banku digital honetan. Palestinako ondare musikala betikotzea ez ezik, musikaren historian ezinbestekoak diren lanak gordetzea lortu du, besteak beste, goraipatu nahi ditudan bost diskoetako lehena:
The Intifada 1987. Riad Awwadek, Mahmoud Darwishen poemekin, prekarioan grabatu zuen, lehen intifada hasi eta astebetera. Material subertsibotzat jo zuen Israelek, eta kasetak konfiskatu eta Awwad espetxeratu zuen. 2021ean Majazz Projectek berreskuratu, zaharberritu eta erresistentzia kulturalaren dokumentu hilezkor bihurtu zuen. Egun biniloan ere topa daiteke.
Reflections of Palestine (2012). Disko honetan, Ramzi Aburedwanek, Ramalako Amari errefuxiatu esparruan jaiotako artistak, bouzouk eta oud arabiarrak mendebaldeko tresnekin nahasten ditu, oroimena, erbestea eta identitatea aldarrikatzeko. Jakin, intifada garaiko argazki ospetsuenean, harriak jaurtitzen agertzen den haurra Aburedwan bera zela.
The Mirrors of My Soul (2005). Folk eta Pop doinuak Rim Bannaren ahots femeninoaz jantzita. Emaitza, erresistentziarako eta itxaropenerako kantuak dira. Horien artean Sarah, frankotiradore israeldar batek eraildako neskato baten inguruko abestia. 2018an, 51 urte besterik ez zituela, hil zen Rim Banna.
The Long March (2018), Le Trio Joubran. Honek ere Darwishen olerki bat du oinarri, Amerikako herri indigenen martxa behartua Palestinako egoerarekin alderatzen duena. Konposizioetan protagonista Joubran anaien arteko oud elkarrizketak. Diskoan Roger Watersek parte hartu du.
Palestinako musika ez da inolaz ere iraganean geratu, badira doinu modernoak ere, gehienak erbestean sortuak. 47Soul Kolektiboak dabke tradizionala elektronikarekin eta hip-hoparekin nahasten du, shamstep estiloa asmatuz. 47Soul izenak 1947. urtea gogora ekartzeko asmo argia du, urte horretan onartu baitzuen Nazio Batuen Erakundeak Palestina zatitzeko plana. Proposatzen duten musika kultura ospatzeko eta okupazioa salatzeko pentsatuta dago. Esandakoak Balfron Promise (2018) diskoa entzuten froga ditzakezue.
Igor Muñoz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.