Uda giroan murgiltzen nauen abesti bat baldin badago, Tarde em Itapoá da hori. Toquinho eta Vinicius de Moraesen artean konposatua. Bertan, Itapoa omentzen da, Salvador de Bahiako hondartza, Viniciusen beraren aisialdirako txokoa. Begirada galduta/zeru eta itsasoaren topaketan/astiro sentitzen dut/Lur guztia biraka, ondo... dio abestiaren sarrerak, baieztapen terraplanista oro hankaz gora jar dezaketen hitzekin, lasaitasunari, kontenplazioari eta lagunen arteko solasaldiari gorazarre eginez.
Antonio Pecci Toquinho, hain zuzen, protagonista izango da Jazzaldiari amaiera emango dion saioan. Uztailaren 19an, Brasilgo gaua deiturikoan, –Camila Faustino abeslari gaztearekin eta Yamandu Costa gitarra jotzaileak lagunduta (2023an ere izan zen)–, Dora Morelembaum kantari kariokarekin partekatuko du kartela.
Toquinho (Sao Paulo, 1946) gaztetatik gitarrista, abeslari eta musikagile gisa nabarmendu zen. Egun bossa nova eta musika herrikoi brasildarraren adierazle nagusietakoa da, Vinicius de Moraesekin egindako elkarlanari esker mundu mailako ospea lortu ostean. Haien abesti ikonikoetako asko En La Fusa (1971) disko bikoitzean jaso ziren, Buenos Airesen zuzeneko faltsuan grabatua (estudioan grabatu eta ondoren publikoaren zuzeneko erreakzioak gehitu). Bertan parte hartu zuten ere Maria Bethaniak eta Maria Creuzak.
La Fusako konposizio hilezkor horiek izango dira Mendizorrotza kiroldegiko kontzertuaren oinarria: Garota de Ipanema, A Tonga da Mironga do Kabulete edo Eu Sei Que Vou Te Amar bezalakoak, ziur aski, setlistean izango dira. Toquinhok bere ibilbide luzearen errepasoa egingo du, bossa novaren "aita" den Joao Gilberto eta harekin aritutako kategoriako beste artista batzuk omenduz: Chico Buarque, Elis Regina, Tom Jobim... Aquarela arrakastatsuak ere bere tokia izango du.
Ziurrenik, 2021ean Yamandu Costa berarekin grabaturiko Bachianinha diskoak ere nolabaiteko protagonismoa izango du. Luiz Gonzaga, Paulinho Nogueira eta Baden Powell bezalako musikagile brasildarren klasikoez osatuta. Bi gitarra jotzaileek sentiberatasuna eta trebetasuna uztartzen dituzte hariak laztantzean.
Eztarria higatua izatea da 79 urte dituen Toquinhori nabaritzen zaion eragozpen bakarra, baina Camila Faustinoren indarrak ederki konpentsatuko du, zoragarria baita ahotsen arteko jolas melodikoak eta harmoniak egiten dituztenean. Dudu Penz baxuan eta Mauro Martins baterian arduratuko dira erritmoa markatzeaz. Sentiberatasun melodikoz, letra poetikoz eta birtuosismo instrumentalez betetako gau beroa biziko dugu. Saravá Toquinho.
Igor Muñoz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.