Iritzia

Jorge Pardo

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2025ko mar. 21a, 10:00

Argazkia: JORGE PARDO

"Artista xelebre hark nahiago zuen esperimetazioa, soinu komertzialen lasaikeria baino"

Beste behin ere, Dazz tabernaren xarmak sinestezina zirudiena lortu du. Flamenko-jazzak eman duen maisu handienetako bat, Jorge Pardo, 50 eserleku eskaseko jazz-klub batera erakartzea. Eszenatoki garrantzitsuenetan jotzeko aukera izan arren, sarritan, funtsean artea sentitzea zer den ez ahazteko, entzuleen hurbiltasuna sentitzeko aukera duen lekuetan jarduten du. Eta Dazzeko arduradunek ederki dakite nola sortu giro hori.

Jorge Pardo Madrilgo Ventas auzoan jaio zen 1956an. Gitarra jotzen hasi bazen ere, denboraldi bat atez ate xaboiak saltzen eman ondoren, zeharkako flauta bat erosteko adina diru bildu, eta berarekin probatzea erabaki zuen. Geroago, oraindik nerabe, saxofoiarekin zabaldu zituen musika ezagutzak. Tete Montoliu, Pedro Iturralde,... laster hasi zen harreman onak izaten Madrilgo jazz giroan. Berebiziko garrantzia izan zuen Pedro Ruy-Blasen Dolores bandak; izan ere, artista xelebre hark nahiago zuen esperimentazio musikala, soinu komertzialen lasaikerian gelditu baino. Doloresen ezagutu zuen, hain zuzen, Tomas San Miguel gasteiztarra, eta baita inguruan zebilen Paco de Lucia ere. Orduan hasi zen artista berritzaile hauen arteko harremana, hamarkadak iraungo zituena.

Doloresen ezagutu zuen Tomas San Miguel gasteiztarra, eta baita inguruan zebilen Paco de Lucia ere

1979an La Leyenda del Tiempo grabatu zuen, Camaron de la Islak sinatutako diskoa, garai hartan mespretxatua eta egun kultuzko lana bilakatu dena. 1981ean, Paco de Lucia Sextetera batu zen, Carles Benavent eta Rubem Dantas bezalako artistekin batera. Elkarrekin flamenkoaren ikuspegi abangoardista mundu osora eraman zuten.

80ko hamarkadaren amaieratik 2000. urtera arte, Nuevo Flamenco etiketapean hainbat disko kaleratu zituen Nuevos Medios disketxeak, tartean Pardoren lanak, hala nola Las cigarras son quizá sordas (1991) eta Mira (2001). 2013an Europako Jazz Musikari Onenaren saria jaso zuen Frantziako Jazz Akademiaren eskutik, sari hori eskuratu duen Espainiako estatuko musikari bakarra.

Gasteizen bere musikaz sarritan gozatu dugu. Jazzaldian hainbat aldiz aritu da, baina ahaztezina da 2007ko Jazzaharrean jaialdian Gaztetxean eskainitako fusio-kontzertua, tartean Hasier Oleaga bateria jotzailearekin; Mendizorrotza bezalako giro instituzional batean sortu ohi denaren aurrean, jazz musikaren alderdirik herrikoienaren indarra eta bizitasuna aldarrikatu ziren.

Aurten, gutxienez, hiru aukera izango ditugu Pardoren musikaz gozatzeko: igande honetan, martxoaren 23an, Dazzen Jeronimo Maia eta Bandolerorekin batera (sarrerak agortuta); ekainaren 14an, Koroatze auzoko Le Coup aretoan; eta uztailaren 19an, Eltziegoko herriko plazan, Juan Claudio Cifuentes Cifu omentzeko.

Igor Muñoz.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!