Es la hora en que se escuchan voces de tango y milonga con letra y música del Río de la Plata...". XXI. mendearen hasiera Hala Bedi irratiaz lagundurik bizi izan dugunontzat aski ezaguna da esaldia. Berarekin ematen zion Carlos Spagnuolok hasiera La Tanguería irratsaioari, berezkoa zuen azentu argentinar markatuarekin. Entzuten genuenontzat tangoa orain ez zaigu arrotza egiten. Gehienentzat Argentinako musika eta dantza besterik ez dena, milaka arabarrok Carlosekin ulertu genuen tangoa bizi-filosofia oso bat dela. Ideia zabal bat non gauza interesgarri asko kabitzen diren. La Tangueríaren osagaiak ere horiek berak dira: istorio ederrak, egunerokotasuneko pasadizoak, saiakera filosofikoen zati hautatuak, poema laburrak... guztia, hori bai, musika-aukeraketa zehatzez apaindua. Gardelez gain, tangoan Osvaldo Pugliese, Susana Rinaldi edo Anibal Troilo bezalako beste izen handi batzuk ere ezagutu genituen.
Carlos eta bere familia 1975ean irten ziren Buenos Aireseko garai zailetatik, Madrilera lehenik eta Bartzelonara gero; grafista eta publizista gisa, ozeanoaren bestaldeko bere ezagutza abangoardista Bruguera, Plaza & Janés edo Círculo de Lectores bezalako marka ezagunei ekarriz. Masla Publicidad agentziaren proposamen bat onartuta, 1989an iritsi ziren Gasteiza.
Carlos eta irratiaren arteko harremana 95ean hasi zen, orduan Radio Vitoria publikoan, baina 2002an, behin erretiroa hartuta, Hala Bedin jarri zuen martxan La Tanguería, Kutxi 83ko estudio zaharrean. Garai oso atsegina izan zen Carlosentzat. Aukera zuen bakoitzean azpimarratzen zuen irrati komunitarioan aurkitu zituela finantza-botereek menperatutako mundu indibidualista batean bizirauteko ezinbesteko balioak: askatasun eta lagunarte giroa. La Tanguería, hala, 2018ra arte egon zen Hala Bediko uhinetan.
Milaka arabarrok Carlosekin ulertu genuen tangoa bizi-filosofia oso bat dela
2019an hil zen Carlos. Hilabete gutxira, irratiko kideok omenaldia egiteko asmoa genuenean, konfinamenduak ekitaldia zapuztu zuen. Orain, joan eta bost urtera, lagunari eskerrak emateko elkartuko gara. Hain zuzen, agur bikoitza izango da, patuak Carlos bere omenaldian bakarrik ez egotea nahi izan baitu: joan den urriaren 31n, Norma Nanni emazte eta lagun banaezinak ere betirako utzi gintuen.
Carlos izan zen bezala, omenaldia xumea izango da, baina emozioz eta musikaz betea. Bertan bilduko gara berarekin bizitza eta tangoa partekatu genuen asko, eta zu ere gonbidatuta zaude. Hitzordua azaroaren 22an izango da, 19:00etan, Luis Aranburu udal musika eskolan, Hedegile kaleko 108. zenbakian.
Eskerrik asko eta betira arte, Carlos.
Igor Muñoz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.