Aitortu behar dut duela gutxi arte ez nuela Maite Larburu ezagutzen. Joan den udaberrian, Evorako (Portugal) Imaterial jaialdiaren egitarauan, nazioarteko hainbat artista ezagunen artean, hantxe zegoen Hernaniko artistaren izena. Bera zen euskal ordezkari bakarra munduko kultura ezberdinen inguruko topaketa hartan. Orduan hasi nintzen bere lanaz eta ibilbideaz interesatzen.
Maite Larburu (1979), Donostiako Kontserbatorioan ikasketak amaitu eta akademizismoaren zorroztasunak ezagutu ondoren, Amsterdamera joan zen, eta hamabost urte eman zituen biolina ikasten eta antzinako musikan espezializatzen. Musika klasikoaz bestelako mundu bat, erosoago sentitzen zen leku bat. Izan ere, antzinako musikan askatasunak eta inprobisazioak beti izan dituzte ateak zabalik, eta, gainera, musikari oro da musika-tresna desberdinak jotzeko gai.
Urteetan freelance gisa lan egiten aritu da, hara eta hona bidaiatuz, antzinako hainbat musika talderekin jotzeko: Amsterdam Baroque Orchestra, Capriccio Stravagante... Bitartean, etxebizitza komunitario gisa biziberritutako eraikin abandonatu batean bizi izan da. Artistaz betetako leku interesgarria. Auzo berean Josh Cheatham Seattleko musikaria bizi zen, eta elkarrekin sortu zuten Neighbor. Izen hori erabilita, bikote gisa, Larbururen beraren konposizioekin argitaratu ziren lehen bi diskoak: Ura patrikan (2013) eta Hau (2016), Gaztelupeko Hotsak zigilupean.
"Antzinako musikan espezializatu zen, klasikoaz bestelako mundu bat, erosoago sentitzen den lekua"
Konfinamendu garaian, Europarako lan-ihesaldiak utzi, eta Hernanin instalatu zen. Hortik jarraitu du ibilbidea, orain diskoak bere izenarekin sinatzen eta antzerkirako jauzia egiten, diziplina berrian hasita. Izan ere, Axut konpainiarekin, Amua eta Zaldibarko zabortegian izandako gertakarietan oinarritutako Hondamendia antzezlanetan antzezle gisa parte hartu du.
Musikari dagokionez, berriz, Hezurren Azpian (2019) eta Krak (2021) lanak argitaratu ditu Larburuk, biak ere Musika Bulegoa sarien irabazleak. Euskaraz abestutako bi album eder, Larbururen ahots polita dotore janzten duten xehetasun instrumentalez beteak.
Hain zuzen ere, igande honetan, irailaren 22an, Klaustro Sounds zikloaren barruan, Maite Larburuk Krak diskoa aurkeztuko du Gasteizen, Montehermoso kulturunean, 19:00etatik aurrera. Hiruko formatuan arituko da, Krak grabatzen izan diren bi musikariak lagun; Carlos Taroncher pedal elektronikoak gehitu dizkion klarinete baxu bitxiarekin egongo da, eta Karlos Aranzegik berriz, bateria joko du, perkusio moduan gainera, hau da, konposizioak askatasunez blaituz. Segi gonbidapenaren bila eta ez hutsik egin.