Uztaila iritsi eta hiriko bazterrak jazz hots inprobisatuez blaitu zaizkigu. 15etik 21era bitartean Jazzaldiaren 47. edizioak, beste behin, goi-mailako musikariak hurbilduko ditu Gasteiza.
Principal antzokian, festibaleko emanaldirik ausart eta berritzaileenak programatzen diren gunean arituko den artista bat aurkeztu nahi dizuet gaur: Clara Peya, Palafrugelleko (Girona) musikagile eta pianista.
Nik 2021ean deskubritu nuen, Ana Tijoux rap-kantari txiletarrarekin eta Alba Flores aktore eta abeslari ezagunarekin elkarlanean sortutako Mujer frontera abestiaren bidez. Kanta aldarrikatzaile hura Huelvako Jornaleras en Lucha elkartearen enkargua izan zen, nolabait Andaluziako landa eremuetara migratutako emakume langile esplotatuei eginiko omenaldia.
Musikak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen boterean sinesten duen artista da Peya. Hala, bere sorkuntzak bere aktibismoarekin lotuta daude, bere obran zehar bereziki feminismoaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko aldarriak topa daitezke.
"38 urte izanda, ibilbide musikal emankorra du; dagoeneko hamahiru disko argitaratu ditu"
Bere prestakuntza musikala zabala da, egungo musika-eszenako beste protagonista ospetsu asko bezala, ESMUCen (Kataluniako Goi Mailako Musika Eskola) lizentziatu zen, piano klasikoko espezialitatean. Beranduago Bartzelonako Musikarien Tailerrean murgildu zen jazzean, eta, hori gutxi balitz, 12 urtez trebatu zen, izen handiko Leonid Sintsev irakasle errusiarraren esanetara.
38 urte izanda ibilbide musikal emankorra du; dagoeneko hamairu disko argitaratu ditu. Gasteizko kontzertua Corsé (2023) izenburuko azkenean oinarrituta egongo da. 13 konposizio propioz osatutako bilduma, miresten dituen artisten 13 ahotsek interpretatua. Besteak beste, Silvia Perez Cruz eta Ferran Palau. Izan ere, Peyak ondo abesteko gaitasunik ez duela aitortu du; horregatik, ahotsak ondo egiten dutenen esku uzten ditu. Principalen Carmen Aciar eta Aina Zanogueraren eztarriak izango dira protagonista. Han izango dira ere Didak Fernandez bateria eta perkusioekin eta Adri Gonzalez teklatu eta sintetizadoreekin.
Egungo proposamen askok ez bezala, Peyak ez du elektronika sekuentziatua erabiltzen; aurrez grabatutako pistak jaurti beharrean soinuak zuzenean erreproduzitzen ditu. Konposizioak ez dira inoiz berdin interpretatzen, bizirik daude, kontzertuero aldatzen dira. Artistak dioenez, inperfekzio ez-estatiko horrek, hain zuzen, mantentzen du bizirik obra. Perfekzioa heriotza da.
Hau guztia bizitzeko hilaren 18an, 17:30ean, Principalera joatera animatzen zaituztet. Bertan, dudarik gabe, abangoardiako ikuskizun paregabe batean murgilduko gara, sentsibilitatez betea.