Iritzia

Amorante

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2024ko api. 20a, 12:00

'Amorante' / Dospordos

"Amoranteren lanean murgilduta, unibertso musikal heterodoxo batekin egingo dugu topo"

"Gaur Amoranterekin flipatu dut", "bere kontzertu batera joatea aukera paregabea da zerbait originala, hunkigarria, espirituala bizitzeko"...

Sare sozialek Amoranteri buruz diotena kuxkuxeatuz, ohikotasunetik urrun kokatzen den musika-proiektu baten aurrean gaudela ohartuko gara. Bere lanean murgilduta, unibertso musikal heterodoxo zabal batekin egingo dugu topo, han-hemenka fagozitatutako eraginak eta herri-soinu modernoak ausardi eta dotoreziaz uztartzen dituena. Hori bai, berea herri-musika dela azpimarratzea gustatzen zaio, eta ez musika tradizionala, bere konposizioek tradizioa gupidarik gabe traizionatzen baitute.

Amorante Iban Urizar (Elgoibar, 1975) musikari eta etnomusikologoaren izen artistikoa da. Formazio klasikoa duen tronpetaria. Normalean, tronpeta-jotzaileek banda baten babesean betetzen dute beren rola, baina Urizarrek Café Teatro eta Andrakan bezalako taldeetan jo izan duen arren, askatasuna helburu, beti izan du argi Amorante bezalako bakarkako proiektu bat sortu nahi zuela. Kontzertuak lotzerakoan ere lagungarri suertatu zaion zerbait, izan ere, errazagoa da akordioak ixtea zure bidaide bakarrak zure musika-tresnak direnean.

Berea herri-musika dela azpimarratzea gustatzen zaio, eta ez musika tradizionala, bere konposizioek tradizioa gupidarik gabe traizionatzen baitute

Tronpetaz gain askotarikoak dira oholtzara igotzen dituen tresnak: gitarra, ukelelea, harmoniuma, baina baita beste tramankulu teknologiko garaikide batzuk ere, horren ospetsuak egin diren loop-station-a eta auto-tunea kasu. Horrela, aurreko udazkenean, aipatutako baliabide guztien laguntzaz Amoranteren bigarren diskoa argitaratu zen, Harri, herri, har, hain justu, Bat edo hiru debut lanetik hiru urte bete zirenean. Luzeera handiko bi diskoek antzeko sorrera izan dute. Zuzenean garatzen aritutako abesti biziak Forbidden Colours estudiora eraman, han Asier Etxebarria ekoizlearen laguntzarekin bilduma betikotzeko. Abestien finkatze lan hori, ziur asko, ez da inprobisazioaz eta zuzenekoaz maiteminduta dagoen musikari batentzat beharrik erakargarriena, baina bai, ordea, musikariaren ogibideak eskatzen duen nahitaezko ordaina.

Aparteko aipamena merezi dute Harri, herri, har diskoan parte hartu duten musikarien elkarlanek. Ez dira abesti antitaurinoan, Odei Barroso bertsolari eta rapero trebea; Los Sara Fontan Kataluniako biko xelebrea, aurretik ere Amoranterekin ibilitakoak So ikuskizunean, eta baita maila goreneko beste euskal musikari batzuk: Hasier Oleaga, HATXE (Idoia Hernandez), Felix Buff,  Amaia Miranda edota Xabier Zeberio tolosarra.

Apirilaren 25ean, hurrengo ostegunean, Amorante Gasteizko Jimmy Jazz aretoan zuzenean entzuteko aukera izango dugu. Aukera aparta Harri, herri, har diskoko zortzi abestiak era ezberdinean bizi ahal izateko. Jardunaldia osatzeko, Verde Prato programatu dute, Ana Arsuaga beste tolosarraren proiektua. Proposamen gazteagoa, berez Alean ere beste artikulu bat mereziko lukeena. Gozatu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago