Travis Birds

Hilaren 13an izango da Jimmy Jazz aretoan. Argazkia: Travis Birds

"Travis Birds ikusteko aukera izango duzu, oraingoan Gasteizen, Jimmy Jazzen"

Krisi existentzial batek eragindako deitura aldaketari esker, 2010ean Travis Birds artista jaio zen, 19 urte zituela. Travis izena Robert de Nirok Taxi Driver-en antzeztutako pertsonaiaren omenez aukeratu zuen; Birds abizena, berriz, buruan txoriak zituela esaten zioten guztiak asetzeko.

Logelan giltzapetuta orduak ematen zituen kantuak sortzen. Eta 2016an, crowdfunding bat abiatuta, estreinako diskoa argitaratu ahal izan zuen: Año X. Hamar pop abesti, ahots gozo bezain hautsiaz abestuak, abeslari eta kontalari gisa zituen bertuteak agerian. Bertan, bere errepertorioan funtsezkoak izaten jarraitzen duten kantuak nabarmendu ziren: Thelma & Louise, Eduardo... Diskoetxe zaharrarekin izandako hausturak eta Calaverita Records konpainiarekin sinatzeak Año X kalitate handiagoz berriz argitaratzea ahalbidetu zuen.

2018an Coyotes abestia El embarcadero telesail ospetsuaren sintonia gisa aukeratu zuten, eta 2019an Joaquin Sabinaren kantu ospetsu bati eginiko bertsio femenino batek izandako arrakastak biziki bultzatu zuten Travisen ibilbidea, 19 díaas y 500 noches después.

"Hilaren 13an, musikari eta istorio kontalariak Gasteizen joko du lehendabiziko aldiz"

Pandemiaren geldialdiaren ostean, 2021ean, La Costa de los Mosquitos bigarren estudioko lana argitaratu zuen. "Gure alderik instintibo eta basatienarekin harremanetan jarriko gaituen diskoa da, intimitatean entzuteko aproposa, eta erabat desegokia atzeko musika bezala jarrita edukitzeko", dio Travisek. Besteen gainetik, Claroscuro edo Madre conciencia abestiak nabarmen daitezke.

Urriaren 6an, hain zuzen, argitaratu da abesti bilduma berria, Perro deseo, azken hilabeteetan zazpi single aurreratuz apurka biluzten joan den diskoa. Horien artean, Urgente eta Grillos, DePedro eta Leiva musikariekin eginiko lankidetzak eta Cuando Satán vino a verme kantu erakargarria, deabrua bere kontzertuetako batean entzuleen artean aurkeztu zenekoa.

Nahi izanez gero, zuk zeuk Satanek bezalaxe, Travis Birds ikusteko aukera izango duzu, oraingoan Gasteizen, Jimmy Jazzen. Popa, hiriko musikak, folklore latinoa eta souletik fadoraino doazen arimaren musikak bertan entzungo denaren oinarri, Perro deseo diskoko kantu berrien aurkezpenak ikuskizun argitsua iragartzen dute. Datorren ostiralean, hilaren 13an, 21:00etan, esandako guztia egiaztatzeko aukera duzu.

Igor Muñoz.

 

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago