Ekaina heldu da, eta berarekin Azkena Rock. Aurten 21. edizioa du Gasteizko gazteak, murrikaz "dinosauroen urteroko rock-topaketa" deitzen hasi diren festibala. Izan ere, adinari erreparatuta, rock & rollaren urte loriatsuetan jaiotakoak gara Mendizabalara hurbiltzen garenak, hau da, 40 eta 60 urte bitartekoak. Hirurogeita hamar urtetik gorakoak ere ez dira faltako, urtero legez, jaialdiaren marketin-zerbitzuak amu gisa hainbat beterano jartzen baititu kartelburu. Aurten hiru dira nabarmenenak: Chrisie Hynde (71 urte), Iggy Pop (76) eta Lucinda Williams (70). Hain zuzen ere, Williamsi, eskainiko dizkiot hurrengo lerroak.
Lucinda Williams Louisianan jaio zen artearekin lotura zuen ingurune batean; aita poeta zen, amak pianoa jotzen zuen, eta berak gitarrarekin hastea erabaki zuen. Laster, Bob Dylanek eta Joni Mitchellek inspiraturik, kantuak idazten hasiko zen. Bere ahots urratu eta indartsua berezia zen; bere musika estiloa, gerora americana deituko zena, ez zen ohikoa ere, rockeroegia countrya izateko eta countryegia rock izateko. Dena dela, berezko estilo oso pertsonala lortu zuen.
1979an egin zuen debuta Ramblin’ diskoarekin. Kritikaren arreta, ordea, hirugarren albumarekin iritsi zitzaion, Lucinda Williams (1988). Han entzun zen, besteak beste, Side of the road kanta ederra. Disko hura, Car Wheels on a Gravel Road (1998) musika amerikarraren maisulanarekin batera, bere lan nagusiak direla esan daiteke. Bitxikeria bezala, jakin ere, Car Wheels...estudioko lana Steve Earle handiak (68 urte) koproduzituta dela, ostegunean ARFn aritutako beste beteranoetako bat. 98tik aurrera, Williamsek musika ederra egiten jarraitu du; nola ahaztu Azkenan 2016an eskainitako kontzertu aparta!
Orain, 2020an buruko isuria izan ondoren, Gasteiza itzuli da. Dirudienez, ezbeharrak gorputzaren ezkerraldean eragina izan badu ere, zorionez garunean ez du kalterik. Gitarra aparkatuta ere, bere ahotsa Zaldiarango gailurrean entzun ahal izango da.
Oztopoak oztopo, ekainaren 30ean argitaratuko da Stories From A Rock 'N' Roll Heart, Williamsen hamabosgarrena. Disko berria izango da larunbat gaueko kontzertuaren oinarria, baina kantu klasikoak eta hainbeste maite dituen Neil Young zein Tom Pettyren konposizioak ere ez dira faltako.
Dinosauro maiteok, gogoratu hitzordua, ekainaren 17an, 21:30ean, ARFeko God agertokian.
Igor Muñoz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.