Pelomono

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2023ko mar. 25a, 10:00

Arg: Pelomono

"Lynchen atmosfera intrigagarriak eta Tarantinoren une klaustrobikoak ekar ditzake gogora"

Badira hilabete batzuk Helldorado aretoak bermut orduko kontzertuak berreskuratu dituela. Eta begi onez ikusi dute igande goizean bestondorik nahi ez dutenek zein eguerdiko sesioa gauekoarekin lotzeko aitzakia topatu duten jaizale amorratuenek ere. Martxoaren 25ean, hain zuzen, Izarbentakoek bermut sesioa ez ezik, musikaz blaituriko jardunaldia programatu dute. Gauez, kartel buru, Lisa & The Lips, Lisa Kekaula (The Bellrays) abeslariaren soul-banda izango da; haien aurretik Nena y Los Broncos gasteiztarrak, eta, borobiltzeko, eguerdiko aperitiboa, Pelomono Andaluziako bikote instrumental, basati eta maskaratua.

Hamaika urte dira Pelomonoko bi partaideek banda sortu zutela, Granadako bluesari buruzko dokumental baten filmazioan parte hartu eta gero. Ordutik, oihanetik ihes egindako tximinoaren eta borroka libreko borrokalariaren arteko sinbiosia dezibelioak banatzen ibili da areto zein bizio-zulo zitalenetatik.

Antonio Pelomono bateria-jotzailearen izengoitiak eman dio izena bandari, nolabait gaztetan zuhaitzak igotzeko zuen erraztasunari erreparatuta. Antonio aurretik Los Harakiri edo Los Fabulosos Macarrones bezalako taldeetan aritutakoa da. Erraz bereiziko duzue eszenatokian, berak gogoraraziko baitizue gehien 2001: A Space Odyssey pelikulan hezurra astintzen duen tximinoa. Borrokalari maskara berdearen atzean, berriz, Pedro de Dios gitarra-jotzailea ezkutatzen da, Ubedako Guadalupe Plata taldeko kide ere badena.

2013an egin zuten debuta Pelo Mono LParekin, eta bertako hamaika konposizioekin argi utzi zuten euren asmoa: entzulea euren musika-mundu bitxian zehar 40 minutuko bidaia elektrikoan murgiltzea. Txangoan zehar zurrupatu dituzten musika estiloez gozatu ahal da: rock-and-rolla, bluesa, surfa... dena oso amerikarra, hori bai, andaluziar jatorria ahaztu gabe.

Penintsulako makakoen azken gotorlekuan inspiratuta, bigarrena eta, orain arte, azkena den diskoa Gibraltar (2020) deitzen da. Ordu erdiko lan basati bezain exotikoa da. Bideratuko gaituzten errepide galduan orientatzeko, izenburu oso esanguratsuko hamar tema instrumentalez osatua dago: Blues 79, Sin rumbo, Malagueña... Tito Ramirezek abestutako … É come Roma italiar rockin’ manboa da diskoko tema ez instrumental bakarra.

Inspirazioa aurkitu duten beste tokietako bat zinema izan da. Pelomonoren musika entzuteak David Lynchen berezko atmosfera intrigagarriak edo Tarantinoren unibertsoko une klaustrofobikoak ekar diezazkiguke gogora. Azken horren adibide argia da Jack the ripper, Link Wray-ri eskainitako bertsio distortsionatua.

Hortaz, rock deskarga elektriko gordinekin gozatzen duen horietakoa bazara, zalantzarik ez, larunbatean, martxoaren 25ko eguerdian hitzordua duzu Helldorado aretoko junglan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago