Musika aldizkari espezializatu guztiek ez dute zalantzarik izan Tercer cielo 2022ko disko onenen artean sailkatzeko. Santiago Gonzalo Bronquio ekoizleak eta Rocio Marquez kantariak sinatutako lanean, flamenko hotsek eta elektronikak bat egiten dute inolako konplexurik gabe. Tercer cielo prestakuntza handiko eta gustu oneko bi artistaren arteko topaketa da, ziurrenik, hemendik aurrera flamenko-fusioko beste disko handi batzuekin apalategia partekatzen artxibatuko dena.
Gasteiztarrok zorioneko gaude, Marquez gurera hurbilduko baita, kasu honetan, ordea, Bronquio gabe. Larunbat honetan, urtarrilaren 28an, XXI. Mendeko Flamenkoa zikloak oihala igoko du Huelvakoaren bertsiorik jondoenarekin. Laguntzen beste artista puxka bat izango du, Juan Antonio Suarez Canito, zutik jotzen duen gitarrista.
Rocio Marquez (Huelva, 1985) txikitan hasi zen kantuan, Huelvako fandango herrikoiak lagun. Pixkanaka, izaera geldiezinak bultzatuta, flamenkoaren sonoritate berrien ikerkuntzan oinarritutako ibilbideari ekin zion. Garrantzi berezikoa izan zen 2008an eskuratutako Lampara Minera saria, estudioko lehen grabazioak ekarriko zion tranpolina: Aquí y ahora (2009) eta Claridad (2012), bi diskorik klasikoenak. Hurrengo biak, Raul Refreeren ekoizpenak lagunduta, ausart eta sortzaileagoak dira: El niño (2014), Pepe Marchenaren askatasun grina aldarrikatzen duen lana, eta Firmamento (2017), izaera femeninoarekin konprometitutako lana, flamenkoan horren garrantzitsua den gitarrarik gabe. Garai hartan lortu zuen Marquezek cum laude doktore gradua Ahots-teknika flamenkoan izeneko tesiarekin.
Errenazimentu eta barrokoan adituak diren musikariekin ere egin du lan, hala nola Fahmi Alqhai-rekin Diálogos de viejos y nuevos sones (2018) diskoan eta Enrike Solinis bizkaitarrarekin Omnia vincit amor (2020) EPan.
Gasteizen eskainiko duena askotariko errepertorio klasikoa izango da. Flamenkoaren palo ezberdinak errepasatuko ditu, eta ziurrenik, Visto en El Jueves (2019) diskoko kantuetan oinarritua egongo da, Sevillako Mercado kaleko azoka ospetsuan erositako bigarren eskuko kasete eta biniloen artean aukeratutako sorta.
Marquezen ahots gardenak, 2014an eta 2016an egin bezala, dagoeneko agortu ditu sarrerak. Bizkor ibili eta horietako bat erosteko aukera izan baduzu, gozatu emanaldiaz.