Ana Alcaide

Erabiltzailearen aurpegia Igor Muñoz Oñederra 2022ko abe. 10a, 10:00

Ana Alcaideren 'Ritual' ikuskizuna. / Ana Alcaide

"Aukera paregabea dugu aste honetan Ana Alcaideren Irango kulturetan murgiltzeko"

Indartzen doa Aitzina Folk jaialdia. Hamargarren edizio honek ere nazioarteko eskaintza garrantzitsuak hurbilduko ditu Gasteiza, tartean Ana Alcaide musikari, abeslari eta ekoizle musikala.

Madrilen jaio zen Alcaide (1976). Baina Suedian biologia ikasteko beka batek erabat aldatu zuen bere bizitza 2000. urtean; izan ere, nyckelharpaz maitemindu zen orduan, Eskandinaviako teklak dituen XIV. mendeko biola batez. Bueltan, edertasun historikoak erakarrita Toledon finkatu zen. Erdi Aroko kale estuak inspirazio iturri, modu autodidaktan nyckelharpa jotzen hasi zen auzokide eta turisten aurrean.

2006an grabatu zuen lehen diskoa: Viola de teclas. Antzinako kultura eta tradizioetako soinuak ikertzeari ekin zion ondoren; aitortza handiena musika sefardiaren inguruan egindako lanek eman diote, Erdi Aroko Iberian bizi izan ziren juduen musikak. Como la luna y el sol (2006) eta La cántiga del fuego (2012) horren adierazgarri dira, eta ahaztezina 2011n Trebiñuko San Juan baselizan eskaini zuen kontzertua. Sefardien kulturaz gain, bere lanek Indonesiako soinuetara hurbildu gaituzte, Tales of Pangean (2015), eta antzinako emakume boteretsuen kondairetara Leyenda (2016) lanean.

Orain, Gasteizera hurbilduko zaigu Ritual proposamenarekin, Reza Shayesteh musikari eta poeta irandarrarekin duen adiskidetasunetik sortutako diskoarekin. Malmoko (Suedia) musika eskolan ezagutu zuten elkar. Ritual norabide bikoitzeko bidaia da, non, pertsiarra bezalako kultura urrun batera hurbiltzeaz batera, gure barnean ezkutatutako bazterren bilaketa kontzientea egitera gonbidatzen zaigun.

Indar handikoa da Ritual ikuskizunaren eszenaratzea; abenduaren 10ean Ibaiondoko antzokian egiaztatu ahal izango dugu. Izan ere, musikaz gain, poesiak, dantzak eta bideo-proiekzioek espektakulu sentsorial paregabea ziurtatuko dute. Felix Petite antzokian izango dira, besteak beste, Shayesteh (setar, ahotsa), Kaveh Sarvarian (Ney, Tombak), Bill Cooley (salterioa, ud), Sandra Rico dantzaria eta, beharbada, zergatik ez,  diskoaren grabazioan parte hartu duten Xabier eta Markel Zeberio musikari gipuzkoarrak ere.

Kardamomozko te lurrinez blaitutako arratsalde atsegina Aitzina Folkek udazkeneko aste bitxi bati amaiera emateko oparituko diguna. Aukera paregabea Iran bezalako herrialde bateko kulturetan murgiltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago