Iritzia

Agur, 'Green capital'

Erabiltzailearen aurpegia Hasier Arraiz 2026ko maiatzaren 8a

Argazkia: ALEA

"Aspalditik gure agintariei hiri proiektu bat eskatzen diegu; hiri ideia bat, bisio bat"

Ze pena, Gasteiz ez omen da turisten helmuga, gehien-gehienez beste leku batera jotzeko igarobidea! Gure hiriko agintariek diote Green capital markak turistak Gasteiza erakartzeari utzi diola. Horregatik, gure agintari jakintsuak turistentzako erakarmen nagusi gisa Gasteiz "hiri-kultura" segmentura itzultzea pentsatzen ari dira. Nonbait, Green capital honezkero ez da nahikoa jendea hona ekartzeko, segur aski, dagoeneko bereizgarria ez delako (azken urteetan halako izenburupean hiriak ugaritu baitira) eta, ez gaitezen engaina, ez garelako une batez uste izan genuen bezain green-ak.

Aitortu behar dut oraindik turista despistaturen batekin topo egitean harritzen naizela, ez dudalako oso ondo ulertzen honaino heldu izana. Ondoren, gogoratzen dut neoliberalismoaren gurpil zoroan guztiontzat garrantzitsuena dela bidaiatzea, turismoa egitea bera, berdin da nora, bost axola zertara. Denok turistak garenean, nonahi turismoaren helmuga bilakatzen delako. Aitzitik, Gasteiz bisitariak galtzen ari denean, nik aukera bat ikusi nahi dut. Zertarako aukera? Turismoak erakarritako menderakuntza orori bizkar emanda, Gasteiz gasteiztarrontzat hiri bizigarriagoa egiteko, hiri benetan kohesionatua, ekologikoki benetan iraunkorra eta kultura kanpotik inor erakartzeko baino, bertakoak zoriontsuago egiteko artea eta kultura sortzen eta zabaltzen dituena.

Gasteiztarrok aspalditik gure agintariei hiri proiektu bat eskatzen diegu, hiria etorkizun luzean proiektatzeko ideia argi eta zehatza, sakona eta zabala. Aspaldian EAJren eta EAren siglen gainean ibilitako alkate batek izan zuena bezalakoa, edo antzekoa, edo guztiz kontrakoa, baina benetako hiri ideia bat, bisio bat, Gasteiz Euskal Herrian eta munduan kokatzeko, benetan munduko alde guztietatik etorritako gasteiztar guztion hiria izan dadin, bide batez, alkatetzatik branding eta naming aitzaki-maitzaki ibili gabe, behin eta berriz inprobisatzen ari direla pentsatzeari uzteko.

Hasier Arraiz.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago