Sinners filma da aurten Hollywoodeko Oscar sariak lortzeko izendapen gehien dauzkana. Banpiro filma da, bai, baina bai zineman, baita literaturan ere, bogan dago gai sakonak ekartzeko beldurrezkoa bezalako azpigeneroetara jotzea.
Agian buruan hori zeukan Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ezker abertzaleak Martxoak 3a "banpirizatuta" daukala esatean. Handik egun gutxitara Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi jaunak Etxebarriaren hitzak azaltzeko asmoz, ezker abertzaleak Martxoak 3aren jabe egin nahi zuela salatu zuen. Jakina, testuinguru pixka bat jar dezagun, aurten 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako langile sarraskiaren 50. urteurrena izango dela eta, Gasteizen ekitaldi bereziak egingo dira.
Sare sozialetan zabaldu da Jon Sarasua euskaltzaleak berriki emandako hitzaldi bat. Hitzaldi hartan, besteak beste, euskaraz egiten den sorkuntza kulturala kritikatzen zuen, ideologikoki, alde zehatz batean kokatuta egoteagatik. Bere ustez, lerratze ideologiko horrek sorkuntza bera pobretzen zuen, aurrez jakiteko modukoa egiteagatik, beste sektore batzuk euskarara erakartzea eragozteaz gain.
Martxoak 3 eta oroimen historikoa, langileen borroka eta Zaramagan hildakoen herentzia politikoa ez da ezker abertzalearena. Gasteizko herritar guztiena eta Euskal Herriarena da. Ezker abertzalea beti egon da, baina beti beste batzuekin batera. Hasiera-hasieratik beste tradizio politiko, sindikal eta sozial batzuk bertan izan dira, guztiona den eremu hori partekatuz.
Zer esanik ez, euskarari buruz. Zer esan Herri egiten gaituen hizkuntzari buruz. Guztiona da ala ez da. Halaber, euskaraz egiten den sorkuntzaren aniztasunaren aurka egitea ulergaitza izango litzateke, hizkuntza normalizatuen egoera arbuiatzea izango litzatekeelako. Baina Aingeru Epaltzak Sarasuari artikulu batean erantzun zion bezala, errua norena da? Bertan daudenena edo egoteari uko egin diotenena?
Polemika artifizialen paradisuan beldurrezko filmetako pertsonaiak sartzen zaizkigu. Batzuek banpiroak ikusten dituzten lekuetan, nik ez ditut haiek ikusten, ez baitira sekula egon. Baina baldin badatoz, ongi etorri esango diegu, berrogeita hamar urte berandu bada ere. Inor ez dago soberan, ezta zuek ere, gizon-emakume ikusezinak.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.