Errota Zaharra, Gasteizko Udalaren izendegiaren arabera oraindik Coronación, auzo berezia da. Azken urteetan oso bilakaera ikusgarria izan du. Auzoa zahartzen ari zen, eta, jakina, harekin batera bere aspaldiko bizilagunak. Bizitzaren legea da, batzuk joaten zaizkigunean beste batzuk haien tokia hartzera etortzen dira. Prozesu hori Errota auzoan azkar baino azkarrago gertatu da, non oharkabean auzoa zeharo aldatu den.
Orain auzoa herrialde askotatik etorritako bizilagunek osatzen dute. Aniztasuna sekulakoa da, baina denboran harekin batera beste arazo batzuk ere agertu dira, eta batzuk aniztasuna arazoekin lotzen saiatu dira. Hala ere, auzoko egoera berria erronkez beteta azaltzen zaigu, eta ez da arazoak eta zailtasunak ere gutxiestea komeni.
Erronka erraldoietatik bat auzoko eskola da. Lehengo Landazuri eta Santa Maria eskola publikoek bategite prozesuari ekin diote, Errota eskola bilakatzeko asmoz. Ondorioz, auzoko eskola publiko bakarra D eredukoa izango da. Erabat segregatuta zeuden bi eskolek auzoko ume guztien eskola izateko asmoa daukate. Oinarri-oinarritik aniztasuna auzoan eta euskaran errotzeko ekimen indartsu hau auzoko beste talde eta elkarteekin batera egiten ari dira, hezkuntza komunitatea auzoari lotu nahi diotelako eta auzoak ere hezkuntza komunitatea bere egitea nahi dutelako.
Ez da, ordea, erronka erraza, zailtasunak ugariak eta handiak direlako. Bertakoek instituzioei baliabideak eskatzen dizkiete, ez baita posible erronka handiei aurre egitea edozein proiekturi ematen zaizkion baliabideez. Bertako zuzendaritza taldeak, irakasleak, gurasoak eta ikasleak ilusioa eta grina adierazten ari dira, baina haiek lagunduko duten baliabideak behar dituzte. Besteoi ere deialdia egiten zaigu, utz diezaiogun aniztasuna bazterretik ikusteari eta murgil gaitezen, benetako aniztasuna izan dadin. Eraman ditzagun euskal hiztunak garenok gure seme-alabak hau bezalako proiektu indartsu batera eta lagundu diezaiogun aniztasunari Errotan ere euskaraz errotzen.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.